Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Halaxe aritu ziren herenegun alkatetzako taldeko lau zinegotziak, Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkatea buru zutela. Iortia kultur gunean 100 bat pertsonaren aurrean legegintzaldiko aurreneko sei hilabeteetan egindakoaren berri eman zuten eta hurrengo sei hilabeteetan zer egin asmo duten aurreratu ere. Ruben Imaz zinegotziak aitortu zuen luze joan zela aurreneko agerraldia, "beharrezkoa zen jendea udalgintzari buruzko gutxieneko irizpide batzuk izateko. Hurrengoak arinagoak izanen dira". Esperientzia positiboa izan zela esan zigun. Aurrekontu lanketa izanen da udalaren gai nagusiena hurrengo asteetan, 2010eko aurrekontuen luzapenarekin ari baita udala gaur egun. Herenegun aurreratu zutenez, 6,12 milioi euro ingurukoa izan daiteke aurrekontu berria. Udalaren diru sarreretan jaitsiera nabarmena aurreikusi dute eta inbertsioen atalean estatutik jasotako 900.000 euroko laguntzarekin, enpresa mintegia egitea. Azpiegitura hori Sakanako garapenerako sortuko den erakundearekin lotu zuten Bilduko zinegotziek. Gizarte eta kultur arloan Altsasun dagoen eskaintzaren eta premien inguruko azterketa egiten ari da udala, "ikuspegi osoagoa izateko". Horretarako eragileekin hainbat elkarrizketa izaten ari dira. Bestalde, udal-langileriaren arloan zer den beharrezko aztertzen ari dira. Parte hartzeazJuan Carlos Orellana Bengoetxea zinegotziak azaldu zuenez, herriari zabalik dauden eztabaida-guneak sortu nahi ditu udalak. "Jendeak zer nahi duen eta nola hobetu jakiteko". Udala herritarrei eta herritarrak udalera hurbiltzeko ahalegin eginen dutela esan zuen. Horregatik beste herri batzuetako parte hartze esperientzien berri emateko udalak hitzaldi zikloa antolatzeko asmoa zuela aurreratu zuen. "Ondoren eztabaida saioak etorriko dira". Orellanak jakinarazi zuenez udaleko talde guztiek babesten dute ekimena. Bitartean, udalak sei hilero herenegungoaren moduko agerraldiak eginen dituela jakinarazi zuen. Alkatetzako taldeaz gain gainontzeko zinegotziei zabalik dagoen ekimena dela ere nabarmendu zuten. Horretaz gain, alkateak asteartero altsasuarrak hartzeko eguna duela gogorarazi zuen Orellanak, "aldez aurretik txanda eskatuta". Bestalde, heldu den Santa Agedetarako udalak hainbat kintadekin harremanetan jartzeko asmoa du. Frontoia bazkarietarako erabilgarri izan dezaketela jakinarazi nahi diete kintadetako arduradunei. "Gero haiek erabakiko dute katering-a enkargatu edo beraiek bazkaria egin". Galderak Saioaren bukaeran zenbait altsasuarrek galderak egin zuten. Bakea kaleko hoditeria konpontzea aurreikusten den, liburutegiko ordutegia zabaltzeko asmorik ba ote den, udaletxea arratsaldez zabaltzeko aukeraz, Txioka ikastolako atean haurrendako segurtasuna handitzeko neurriak, txakur kaken inguruan, Zelandi atzean hondakinez beteta dagoen bideaz eta espaloietan aparkatzen duten autoez galdetu zuten.