Haurrak album ilustratatua sortzera

Guaixe 2011ko abenduaren 23a

Marrazki koloretsu handiak eta testu labur ederra. Horiek dira album ilustratuen osagai nagusiak. Bi elementu horiek landuko dituzte gaur arratsaldean Iortia kultur gunean. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du tailerra, 6-10 urteko haurrendako. Joan zen urteko esperientzia bikainaren ondoren, aurten tailerrak gainezka egin du. 40 haurrek eman dute izena.Irudi liburuak sortzeko bidea magiaz beterik dago. Tailerrera doazen lagunek luxuzko gidariak izanen dituzte ibilbide horretan: Yolanda Arrieta idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea. Tailerreko ikasleek irudi liburuak egiteko sekretuak ezagutuko dituzte bi adituen ondoan. Parte hartzen duten umeen artean album ilustratua eginen dute, eta zati bat etxera eramateko aukera izanen dute. Yolanda Arrieta bizkaitarrak haur, gazte eta helduendako liburuak argitaratu ditu. Antzezlea eta ipuin-kontalaria ere bada, eta literaturara hurbiltzeko saioak egiten ditu. Aitziber Alonso gipuzkoarrak, berriz, Arte Ederrak ikasi ditu. Hainbat liburu ilustratu ditu. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du tailerra, Etxepare Sariaren egitasmoaren barruan. Haren helburua haurrak albumen mundura gerturatzea da.