Trasteando taldearen 3. CDa kalean

Guaixe 2011ko abenduaren 23a

Abenduaren 23an, ostiralean, 20:00etan eta 22:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera: 5 euroTrasteando taldeak Gabonetako 6. elkartasun kontzertua eskainiko du gaur Altsasun. Bertan aurkeztuko dute 3. CDa. Gitarraz lagundutako ahots eztiak Afrika hegoalderaino iritsiko dira, hara bideratuko baitituzte aurtengo irabaziak. Aurreko edizioetan bezala, herritarren presentzia handia espero dute.3. CDaren aurkezpenaAltsasuko gitarra-jole eta abeslariek 3. CDa aurkeztuko dute gaur gauean. Bertan jatorri, estilo eta garai ezberdinetako abestiak aurkituko ditugu, baina denak ere ezagunak, mugarik gabeko abesti iraunkor eta xarmangarriak. 16 abestiko bilduma egin dute. Haien artean daude Lau teilatu, Viva la gente, Herribera, I just called, Txoriak txori, Vientos del pueblo...   Trasteando taldeak zenbait musikariren laguntza izan du: Iñigo Goikoetxea (baxua, txarandoa eta ahotsa), Jesus Irisarri (tronboia eta bonbardinoa), Josetxo Lumbreras (perkusioa), Jorge Cordón (pianoa, teklatua eta kena), Maite Larrea (akordeoia), Miren Aldasoro eta Ekiñe Lumbreras (zeharkako flauta). Sakanako musikariek kontzertuan ere parte hartuko dute. 2007ko eta 2009ko diskoen arrakasta ikusita, hirugarren lana grabatzera animatu ziren. Diskoa udan grabatu zuten Altsasuko Iortia kultur gunean bertan. Gozategi taldeko Iñigo Goikoetxearen laguntza izan zuten. Irabaziak Afrika hegoalderaAltsasuko taldeak beste behin ere zintzo eutsiko dio bere filosofiari, eta musikak, une atsegina pasarazteaz gain, funtzio soziala beteko du. Aurten Afrika hegoaldera bideratuko dituzte irabaziak, zehazki, Swazilandia herrialdera. Altsasuko taldeak Acción contra el hambre GKE-ren egitasmoa babestuko du. HIESak gogor jo duen herrialdean (biztanleen %26,1ek du gaixotasuna) gaitzak kutsatutako ama eta haurren osasun- eta elikadura-proiektua eginen dute. 43.700 euroko aurrekontua du. Zulo hori estaltzen lagunduko dute gaurko kontzertuetako eta CDen salmentaren irabaziek. Garai zailak bizi baditugu ere, Trasteando taldeak "pobrezia latzaren eta osasun-baldintza negargarrien ondorioz hiltzen diren pertsona horiek gogoan izateko" deia egiten du. Bide batez, eskerrak ematen dizkie elkartasun egitasmo hauek posible egiten dituzten guztiei.CDa salgai 10 eurotanKontzertuan eta Altsasuko establezimendutan