Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kontzertuak ez ditu gastuak estaltzen eta klinikako ordezkariek negoziatzen segitzeko asmoa duteJosefina Arregi klinikako kontzertuan hasiera batean Osasun Departamentuak eskaintzen zuena baino diru gehiago izanen du. Ospitaleko ohe bakoitzeko eguneko 159,78 euro eskaintzetik 166 euro ematera pasa da Osasunbidea. Horrek esan nahi du klinikak 47.676 euro gehiago jasoko dituela urtean. Hala ere, horrek ez du zentroak dituen gastuak estaltzen. Klinikako kudeatzaile Juan Manuel Vicentek azaldu digunez, egun duten kontzertuaren luzapena eta moldaketa da aldeek adostu dutena. Hala, hemendik aurrera Josefina Arregi klinika dementzia gaixotasunak besterik ez ditu hartuko eta Nafarroako osasun sistemako erreferentzia zentroa izanen da arlo horretan. Vicentek ere esan digu kontzertua buru-osasunaren menpe egotetik prestazio eta kontzertuen menpe izatera pasako dela. 2014ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean. Kudeatzaileak argitu digunez,"hau sinatuko dugu, baina negoziatzen segituko dugu". Beste aukerak, norbanakoek haien poltsikotik asistentzia ordaintzea eta mantentzea oso zail ikusten du. Eguneko zentroaGaixoen familiek gaur egun Nafarroako Gobernuaren bi diru-laguntza jasotzen dituzte, bateragarriak. Baina aldaketak iragarri ditu gobernuak eta familiek bi laguntzen artean zein hartu erabaki beharko dute, bestea baztertuz. Hau da, familiek erabaki beharko dute gaixoa etxean izan eta horregatik diru-laguntza kobratu edo eguneko zentrora bidaltzea. Vicentek argitu digunez, erabiltzaileek hartuko duten erabakiaren zain daude. "Zenbat geldituko diren jakin eta, ondoren, azterketa eginen dugu. Pazienteen arabera, baina gure asmoa zerbitzu bera mantentzea litzateke". Asmo bera dute kontsultekin.