Txakurrak terapiarako bide

Guaixe 2011ko abenduaren 22a

Josefina Arregi klinikak txakur batekin lagundutako aktibitateak egiten hasi diraBocalan Fundazioa 1990ean sortu zen, Madrilen, baina nazioartean makina bat herrialdetan dute egoitza. Bere helburu nagusia da ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazioan laguntzea. Modu berezi batean, laguntza txakurren bidez, baita animaliekin lagundutako terapien bidez. Josune Azpiroz eta Josu Mendez erakundearen Nafarroako egoitza aurki zabalduko dute, Bocalan biak bat izena hartu duena. Fundazioa dagoeneko aurreneko lanak egiten hasi da. Sakanan, esaterako, Josefina Arregi klinikan ari dira. "Josefina Arregi klinikako lagunen elkarteko kide batek hots egin zigun azalduz interesa zutela animaliekin lagundutako terapia proiektu bat egiteko. Klinikako profesionalekin bildu ginen", azaldu du Beleixe Irratian (FM 107,3) Josune Azpirozek.  Baina klinikako murrizketen berria iritsi zen eta egitasmoa gelditu zen. "Berriro harremanetan jarri ziren eta dirua nonbaitetik lortzen saiatuko zirela esan ziguten". AktibitateakAzpirozek Beleixe Irratian (FM 107,3) argitu duenez, "txakur horien entrenamendua, mantenua eta parte hartzen duten profesionalak ordaindu behar dira. Baina klinikaren egoera ikusita terapia beharrean gure laguntzeko modua aktibitateak eskaintzea izan da". Txakurrekin lagundutako aktibitateen lau saio egiten ari dira eguneko zentroko pertsonekin. Josu Mendez txakur batekin doa eta egunero gaixoek egiten dituzten ariketak txakurrarekin egiten dituzte. Aurrena animalia pertsona guztiei aurkezten zaie eta haiek animalia agurtzeko aukera dute. Ondoren, egunero hura zaintzeko (orraztu, garbitu...) eta egunero egiten dituzten ariketak egiteko aukera izaten dute. Baina txakurrarekin. Gaixoendako animalia motibatzailea da. Harrera beroa izan dute egin dituzten hiru saioetan. Azpirozek argitu digunez klinikan egiten dutena aktibitateak dira. "Terapietan talde txikiagoetan lan egiten da eta teknikari eta txakur gehiago erabiltzen dira". Kliniko esperientzia pilotua ederki atera dela gaineratu du. www.Bocalanbiakbat.org web orriaren bidez jarri daiteke harremanetan fundazioarekin.GERTUTIKJosune Azpiroz, Bocalan fundazioko kidea Non prestatu zarete animaliekin lagundutako terapiak emateko?Honetan beti interesa izan dugu, baina garrantzitsua ikusten genuen honetan adituak direnak, urte asko daramaten lekuetan prestatzea. Gu Madrilera joan ginen, Bocalan fundaziora eta han egin genuen animaliekin lagundutako terapian teknikaria eta aditua ikastaroak. Teorikoa eta praktikoa da eta oinarri bat badugu.  Zein asmo duzu?Inguruko jende asko joaten zen Madrila. Interesa zuen jende asko ez zen jaisten gastu bat delako. Hori jakinda, eta gauzak ongi badoaz, martxo aldera Nafarroan Bocalanek animaliekin lagundutako terapien inguruko aurreneko ikastaroa izanen da. Zein onura du animaliekin lagundutako terapia egiteak?Oraingoz bakarrik onurak, aspektu guztietan, bai motrizitatean, bai kognitiboki, emozionalki... Guk Josefina Arregi klinikan ikusi duguna da, lehengo, sartzen zarenean, lehenengo, irribarreak aurpegitan. Gero haien artean hitz egiten hasten dira, denek txakurra ukitu nahian, hots egiten... Motrizitatean adibidez, egon daitezke pertsona batzuk artritisa dutenak eta ez dituztenak mugimendu batzuk egin nahi. Eta txakurrarekin ikusten dituzu ahaztu egiten zaiela eta mugimendu horiek egiten dituztela txakurra orraztean eta polita jartzean. Eskatu gabe gainera, iniziatiba hartzen dute.  Beste egitasmoren bat duzue?Sakanan oraindik ez, baina Iruñean arantza bifidoaren inguruko elkarteak interesa du. Baina ez dira garai onak halako proiektuak aurrera eramateko. Enpresek halako proiektuak babestu nahi badituzte, prest gaude. Baditugu proiektu batzuk oraindik geldi, finantzatzeko modurik ez dugulako. Norbaitek Josefina Arregiko proiektua lagundu nahi badu moduren batean, aukera dute. Klinikan interesa dute eta hau proiektu pilotu moduan planteatu da. Helburua, azken finean, terapia egitea baita. Bestelakorik?Eguberrietan merkatal guneetara joaten gara gure txakurrarekin. Baditugu pelutxeak eta saltzeko. Laguntza txakur errealen errepikak dira. Horren bidez, sentsibilizazioa eta zabalkunde lana egiten dugu. Haurrak inguratzen dira eta agertzen dira autismoa duten haurrak edo garun paralisia dutenak gerturatzen direnak. Autismoa duten haurrendako laguntza txakurrak ere prestatzen dira. Eta hipogluzemia duten pertsonei azukrearen jaitsieraz ohartarazten txakurrak ere trebatzen ditugu. Fundazioaren egitekoetako bat ere bada ezgaitasuna duten pertsonendako laguntza txakurrak prestatu. Familiendako ez dute inolako kosturik. Gurpildun aulki batean dagoen haur batendako adibidez, halakoak eskatu daitezke eta haiendako ez du inolako kosturik. Eta animaliekin lotutako terapia egin nahi badute hots egin dezatela eta aztertuko dugu nola lagundu. Ikastetxeetan ere animaliekin lagundutako hezkuntza egiten dugu, birziklatzea, irakurmena eta beste lantzeko.