Cinquerako begiak eta ahotsa Altsasun

Guaixe 2011ko abenduaren 22a

El Salvadorreko azken departamentuko azken herria da Cinquera. Hala ere, sakandar askorendako ezaguna da. Sakanako zenbait udalek El Salvador Elkartasuna taldeak bertan bideratutako egitasmoa babestu dute, eta hortik lotura. Gobernuz Kanpoko Erakundeak herriaren egoera ezagutarazi nahi izan du. Helburu horrekin Altsasura ekarri zuten El lugar más pequeño filma. Tatiana Huezzoren dokumental sarituari esker,  Cinquera bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. Horrekin batera, El Salvadorreko ahotsa ekarri zuten filmeko protagonista Rosi Alvarenga cinquerarrak eta bertatik iritsi berri zen Eider Leoz altsasuarrak. Tatiana Huezzo el Salvadorren jaio zen, baina gerra garaian Mexikora alde egin behar izan zuen. Urteetara, Cinquerara, amonaren herrira bueltatzeko erabakia hartu zuen. Bertan ikusitakoa ikusirik, dokumentala grabatzera animatu zen. Filma Donostiako Zinemaldian izan zen eta zenbait sari jaso ditu. Dokumentalak eta bertaratutakoen hitzek Cinqueraren errealitatea ezagutzen lagundu zuten.Herria berreraikitzenEl Salvadorreko gerraren aurretik 6.000 biztanle inguru zituen Cinquerak, baina gerraren ondorioz herria ia desagertu zen. Bake akordioaren ondoren, zenbaitek herria berreskuratu nahi izan zuten, eta horretan dabiltza. El Salvador Elkartasuna GKE-k horretan laguntzen du. Herria berpiztu nahian, zenbait ekimen jarri dituzte martxan. Ardatz nagusiak hezkuntza eta Cinquerako oihana babesteko egitasmoak dira. Rosi Alvarengak azaldu zuenez, "Cinquera hutsik egon zen urteetan 5.000 hektareako oihan ederra sortu zen bertan. Gerra garaian herritarren babes izan zen oihanaren balio historiko eta anbientala ikusita, hura babesteko premia ikusi genuen. Argi dugu herriarendako aberastasun iturri izan daitezkeela, eta hori erakutsi nahi diegu nekazariei. Oihanaren inguruan turismo eta hezkuntza proiektuak landu dira. Bestalde, gerra aurreko egoera aldatzeko, herritarrak hezkuntzara hurbildu nahi ditugu etorkizuna izan dezaten. Ikasketa bekak antolatu ditugu eta lan handia egiten da komunitateekin graduatuak herrian bertan geratu daitezen". Egitasmo horien ardura Herria Berreraikitzeko eta Garatzeko Elkarteak (ARDM) dauka. Sakanako Udalen babesaSakanako zenbait udalek El Salvador Elkartasuna GKEk babestutako egitasmoekin bat egin dute. Besteak beste, Irurtzun, Etxarri Aranatz, Olatzagutia eta Altsasuko Udalen laguntza dute. Asteazkenean, filmaren emanaldiaren aurretik, El Salvador Elkartasuna erakundeko Peio Goiatxe eta Cinquerako Rosi Alvarenga Altsasuko udaletxean egon ziren. Bertan herriaren egoeraren eta burutzen ari diren egitasmoen berri eman zuten. Sakanako udalen ekarpena eskertu zuten. Altsasuko Udaleko alkate Garazi Urrestarazuk "udal taldeak horrelako ekimenak babesten jarraitzeko asmoa" duela azaldu zuen. Proposamen hori eginen dute 2012ko aurrekontuetarako. Rosi Alvarenga salvadortarrari Altsasuko liburuak eta zapia oparitu zizkion, "zuen herriaren berri ekarri duzuen bezala, gure herriaren berri izan dezazuen".