Aguraingo narrazio saria Izaskun Etxeberriarendako

Guaixe 2011ko abe. 29a, 20:16

Joan zen astean argitu ziren Aguraingo eskualdeko II. narrazio lehiaketaren saridunak. Lehen saria Sakanara etorri da: Izaskun Etxeberria Zufiaurre altsasuarra nagusitu zen Negukoa ematen zuen udazkeneko gau hartan ipuinarekin. Istorioa Zegama eta Arabako Lautadaren artean kokatzen da, Gerra Zibilaren garaian. Epaimahaiak narrazioaren kalitate literarioa eta originaltasuna azpimarratu zuen. Joan zen ostegunean egin zen sari-banaketa ekitaldia Aguraingo liburutegian. Etxeberriak saritutako narrazioa irakurri zuen. Ondoren 300 euroko saria jaso zuen.Izaskun Etxeberriak joan zen ikasturtean amaitu zuen Bergarako Idazle Eskolako graduondokoa. Horren ondoren animatu da lehen aldiz literatura lehiaketetan parte hartzera. Emaitza ezin hobea da, dagoeneko bigarren saria jaso baitu. Joan zen hilean Berriobeitiko literatura lehiaketan saritu bazuten, orain Aguraingo eskualdeko narrazio lehiaketan nagusitu da. Aguraingo Kuadrillak literatura lehiaketa jarri du abian euskal literatura zaletasuna bultzatzeko helburuarekin. Aurtengoa bigarren edizioa izan da. Lehiaketaz gain zenbait ekitaldi jarri dituzte martxan: euskal idazleekin solasaldiak, bakarrizketak, ipuin kontalariak...