Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio lankidetza hitzarmena bete eta 2012an lanak segitzeko dirua bideratzekoHaur eskolako lehen faseko lanak abendu erdialdean despeditu ziren. Ingurua itxi, espaloiak txukundu eta eguzki plakak jarri dira. Horrela egin beharreko lanen laurdena despeditu da. Baina udalak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik ez badu jasotzen, altsasuarrak eraikina erdi eginda ikustera ohitu beharko dute. Altsasuko Udalak asteazkenean egindako bilkuran erabaki zuen Nafarroako Gobernuari zuzentzea eta haur eskolako lanak despeditzeko diru-laguntza eskatzea. "Uste dugu udal honekin hartutako konpromisoa bete egin behar dela eta, beraz, lanak despeditzeko diru-saila sortu behar du gobernuak". Halakorik ez bada egiten orain arte egindako lanak eta egindako diru inbertsioa "galduko" direla uste dute udalean, "haur eskola zabaldu gabe". Lanek aurrera egiteko udala ezin dela zorpetu dio asteazkenean Altsasuko Udalak onartutako adierazpenak, PSNren eta PPren abstentzioekin onartu zena. Atzera begiraAltsasuko haur eskolako lanak 2009ko lastaila akaberan hasi ziren. Eycons Obras y Proyectos enpresak hartu zuen lana, 1.061.189,14 euroren truke (BEZa kanpo). Lanak 6,5 hilabete iraunen zutela aurreikusi zen. Bitartean haur eskola Zelandi eskola publikoko sarreran jarritako moduluetan dago. Iazko irailean modulu berri bat gehitu zioten zegoenari2010eko ilbeltza akaberan lanak gelditu ziren, eraikuntza enpresak ordainketa-etendura egin zuelako. Gero itxi egin zen. Iazko garagarrilean Altsasuko Udalak 203.065,51 euro bueltatu dizkio Hezkuntza Departamentuari. 2009an jasotako diru-laguntza zen, baina aurreikusitako epean aurrekontuaren %25 exekutatu ez zenez udala laguntzaren zati bat bueltatzera behartuta egon zen. Arian enpresak, iaz, festen aurretik eta ondoren, eraikinaren egitura indartu eta teilatua berritu zuen. Horretarako, Espainiako Gobernuak emandako funtsetik 250.000 euro inguru bideratu zituen udalak. Aurten, lastailarekin batera despeditu berri diren lanak hasi ziren, abendu erdialdean despeditu zirenak. 184.409,34 euroko aurrekontua izan zuten. 632.000 euro inguru inbertitu dira lan horretan.