Literatura bidaia Urgainera

Guaixe 2012ko urtarrilaren 10a

Urte berriarekin batera bueltan da Testu bazka. Literatura zaleek Joan Mari Irigoienen Ur arreak, ur garbiak liburuarekin hasiko dute urtea. Altsasuarrek euskal literaturan behin eta berriz agertu den Urgain herrira bidaiatuko dute. Hala ere, idazleak argi utzi nahi izan zuen herriak ez duela zerikusirik Arturo Campionen Blancos y negros eleberrian agertzen denarekin edo Jose Antonio Loidik Hamabost egun Urgainen sortutako herri literarioarekin. Kima euskara taldeak Juan Mari Irigoienek sortutako Urgain berri horretan kokatutako pasadizoak ezagutzeko gonbitea egiten du. Testu bazkak bertan jarraituko du hurrengo hitzorduan, ilbeltzaren 25ean ere. Ez dakienarendako, Testu bazka lagundutako irakurketa bat egitean datza. Euskaraz idatzitako testu labur bat irakurtzearekin hasten da saioa, kasu honetan Irigoienena. Irakurri ondoren, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen dira. Testu bazkan aritzeko ez da literatura ezagutza espezifikorik edo prestaketa berezirik behar, eta ez dago etxeko lanik. Gainera, saio guztiak independenteak dira. Kima euskara taldeak Testu bazkara gonbidatzen ditu literatura maite duten guztiak. Antolaketa errazte aldera, aurretik izena emateko deia egiten dute: Altsasuko udal liburutegian, Itsasi euskaltegian edota altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidean. Izena emateko epea gaur bukatzen da.