Manola Arregiren margolan eta eskulturak Iortian

Guaixe 2012ko urtarrilaren 12a

Zenbait arte diziplina landu ditu Manola Arregi altsasuarrak. Aniztasun hori agerian geratu da Iortia kultur guneko aretoa betetzen duen erakusketan: marrazki txuri-beltz finak, margolan akrilikoak, eskulturak, bideoak... Guztiak ere Altsasuko artistaren ikasketa eta sortze prozesuaren fruituak dira. Hortik erakusketaren izena: Procesos. Manola Arregiren erakusketan leku berezia dute marrazkiek. Altsasuarraren lan berrienak dira. Paper arrunten gainean egindako 150 bat marrazkirekin konposizio bat egin du, murala osatuz. "Pintura azkarrak dira, pentsatzeko denborarik hartu gabe eginak. Barrukoa ateratzea interesatzen zitzaidan" azaldu digu. Margo akriliko urtuz eginak daude, tinta itxura hartuz. Gehienak txuri-beltzak dira, baina batzuek kolore pixka bat dute, "momentuan gorputzak eskatu zidalako". Marrazkietan naturatik hartutako ereduak nagusitzen dira. "Izugarri gustatzen zait natura. Azkenean, kontzienteki edo ez, ikusten eta bizitzen duzun horretatik sortzen da dena" azaldu digu. Begiradak "arrautza hegalariaren eskulturara" garamatza. Erakusketako eskulturetan berriena da. "Eskulturetan tradizionalki emakumeek egin dituzten lanak egitea nahi nuen, ikutu femeninoa ematea" dio eskultura. Arrautza itxura duen zakua josi eta hegalak gehitu dizkio. Aipagarria da eskulturak birtziklatutako zenbait elementu dituela: saskia, basoko zumak, lanpara baten egitura... Hori beste eskulturetan ere errepikatzen da. Beste eskultura batzuetan koltxoi zaharretako malgukiak, tximiniko hodiak eta zaborretara zihoan lanpara erabili ditu. Objektu zaharrei bizi berria eman die. Pintura edo margo-lanei dagokienez, bereziak dira arrauntza-tenplearekin egindakoak. Mexikon ikasle zela ezagutu zuen teknika. "Baliabide gutxi zutenez etxean egiten zituen margoak: arrautza, disolbatzaileak, barniza eta abar nahasiz tenple oinarria egiten da, eta horri pigmentuak gehitzen zaizkio" azaldu digu. Garai hartan egindako lau margolan hautatu ditu erakusketarako. Margo akrilikoz egindako margolanak ere badaude, baita ilustrazioak ere. Bukatzeko, bideoak ere ikusgai daude. Aipagarria da Altsasuko Iortia plazan egindako interbentzio: "Altsasun porlan asko dagoela salatzeko lurra bota genuen. Denbora gutxira herritarrek landareak, zuhaitzak... irudikatzen zituzten" azaldu digu.  IbilbideaManola Arregik, Manolita Thunders izenarekin ere ezaguna denak, animazio munduan eman zituen lehen urratsak. Ikastaro bat egin ondoren, Madrilen marrazki bizidunak eta animazioa lantzen zuen talde bat bildu zen. Haien artean zegoen Jose Mari Morcillo altsasuarra ere. Zenbait film labur egin zituzten. Altsasura bueltan, talde bat sortu zuen zenbait sakandarrekin: Lakuntzako Kale, Etxarriko Amaia Erdozia eta Aitziber Razkin, Altsasuko Alfredo Grazia, Teresa Zudaire, Arturo Arrizabalaga... Giro horretan ezagutu zituen Sagri Mauleon etxarriarra eta Helena Santano altsasurra. Haien ondoan pinturara hurbildu zen. Biziak artearekin lotu du Manola Arregi. 2003an bide horri eutsi eta Arte Ederrak ikasten hasi zen. Lizentziaturan ordura arte landutako diziplinetan sakondu eta berriak ikasteko aukera izan du. Erakusketaren mustutze egunean ondoan izan zituen ikasketa prozesu horretan ezagutu dituen artista eta lagunak. "Haien laguntza ezinbesteakoa izan da erakusketa bukatzeko" dio esker onez. Olerki eta musikaz lagunduta, giro politean mustu zuten erakusketa ilbeltzaren 3an. Iortia kultur gunean egonen da hilaren 29ra arte. ERAKUSKETAManola Arregi altsasuarrak erakusketa multidiziplinarra prestatu du: marrazkiak, margo-lanak, eskulturak, bideoak, animazio esperimentalen bideoak... Gehienak azken hiru urtetako lanak dira. "Bizitako momentu politak, txarrak, barruko borroka..." transmititzen dute" dio Arregik. OrdutegiaIlbeltzaren 29ra arte, astelehenetik ostiralera 18:30etik 21:00etara, eta domekan 17:00etatik 20:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.