Erregearen diskurtsoaren itzulera

Guaixe 2012ko urtarrilaren 13a

Larunbaterako, 13:00etan, herritarrak Burunda pilotalekura deitu dituzte, prentsaurreko handi batean parte hartzekoUrte hasieratik halaxe ari dira iragartzen Altsasun barna jarritako makina bat kartel. Altsasuarrak eta sakandarrak bihar 13:00etan Burunda pilotalekuan eginen den "prentsaurreko masiboan" parte hartzera deitu dute beste kartel batzuk, errepresioari aurre egiteko, frontoia bete! leloa dutenak. Erregearen diskurtsoa izena hartu zuen irailaren 3an makina bat koadrilak egin zuten parodia. Umorea eta aldarrikapena batzen zituen jardunaldian, antolatzaileek segurtasun indarrek Altsasun duten presentzia itogarria salatu nahi zuten. Baita altsasuarrek jaso zituzten isunak (10.000 euro baino gehiago) ordaintzeko dirua bildu ere.Parodiak aparteko oihartzuna izan zuen estatuko hedabideetan. AVTren kereila bat tarteko hilaren 25erako Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak bi altsasuar deklaratzera deitu ditu: Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkatea (kalean egiteko baimena emateagatik) eta Ramon Lopez Cid (eskaera egiteagatik). Udalak zitazioa geldiarazteko eskaera egina du, deliturik ez dela egin uste baitu. Deiarekin aurrera eginez gero, egun berean, eguerdian, udaletxe parean elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egitera deituko du udalak.