Zerga kontrolerako bi urteko plana indarrean

Guaixe 2012ko urtarrilaren 13a

Altsasuko Udaleko zerga kudeatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuendako beharrezkoa jo da zerga kontrolerako udal plana egitea. Plan hori aurten eta heldu den urtean indarrean egonen da. Plan horren bidez urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatu ditu udalak. Altsasuko Udalak onartu duen plan horren helburua da udal zerga guztietan iruzurrak atzematea. Horretarako, arreta eta ardura bereziz zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hiri-lurren balio igoeraren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa.