Notariok zinegotzi akta bueltatzen ez badu PSNtik botatzeko eskatuko dute

Guaixe 2012ko urtarrilaren 18a

Altsasuko Talde Sozialistak aurreko ostiralean gehiengo handiz hartu zuen erabakia. Sozialisten batzarrean izan zen PSNko antolakuntza idazkari Santos Cerdan eta hark berretsi zuen Altsasuko Taldeak dioena beteko dutela. Sozialista altsasuarren idazkari nagusi Juan Migel Perez Hurtadok esan digunez, "zinegotzi akta uzteko eskatu diogu Mari Jose Notariori. Hala ez badu egiten PSNko Lurralde Batzordeari alderditik botatzeko eskatuko diogu". Perez Hurtadok azaldu digunez neurri hori hartzeko arrazoia da Notariok "bere konpromiso politikoak ez dituela betetzen. Ez da udal bilkuretara, ez batzordeetara ere joaten. Arduren utzikeria egin du. Urte batez, gutxienez". Alderdiko Lurraldeko Batzordeetara ere ez omen da joaten eta PSNren buruen deiei ere ez die erantzuten, Hurtadok azaldu digunez. Idazkari nagusiak udalean lan egiteko jendea badutela gaineratu digu. Mari Jose Notario iazko udal hauteskundeetan Altsasuko PSNko zerrenda burua izan zen. Hala ere, zerrenda hark sozialista altsasuarren artean hautsak harrotu zituen. Altsasun onartutako zerrenda atzera bota zuten Iruñean. Orduan Altsasuko Talde Sozialistak zerrenda berria onartzeko hartutako erabakia errekurritu zuen. "Altsasuko Talde Sozialistaren bizkarrean hartu da erabakia, eta soilik hiru afiliatu daude. Gainera, hautagaiak legegintzaldi honetan ez du alderdiarekin behar bezala bete". Cerdanek Altsasuko Talde Sozialistaren erabakia berresteak iaz PSNren zuzendaritzak hartutako erabakia zuzentzea dakar. Hauteskundeetan sozialistek zinegotzi postu bat galdu zuten eta birekin gelditu. Javier Donlo da udaletxera joaten den zinegotzi bakarra. HautaketaPSOE idazkari nagusia aukeratzeko prozesuan bete betean sartuta dago. Hala larunbatean sozialista nafarrak Ribaforadan bilduko dira. Altsasuko Talde Sozialista Hurtadok eta Julia Cidek ordezkatuko dute. Ribaforadan sozialista nafarrek PSOEren kongresu federalean parte hartuko duten 8 ordezkariak aukeratuko dituzte. Batzar horretan idazkari nagusi berria aukeratuko dute, Zapateroren ordezkoa, alegia.