Ilbeltzaren 21ean, larunbatean, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera: 10 euroHaizeak eragiten dituenean dantzan jartzen dira zuhaitzetako hostoak, eta soinu lasaigarria sortzen dute. Gauza bera egiten dute Oreka TX txalaparta taldeak, Kukai dantza taldeak eta Amaren alabak Hostoak ikuskizunean. Tradiziotik edaten duten hiru euskal taldeek ikuskizun berritzailea prestatu dute. Mireia Gabilondo zuzendariak harilkatu du diziplina arteko obra. Euskal Herriko antzoki ezagunenak bete ondoren, ikuskizuna Altsasura iritsiko da bihar. Oreka TX taldea zuhaitza eragiten duen haize goxoa izanen da. Harkaitz Martinez, Igor Otxoa eta Mikel Ugarteren txalapartaren erritmoaren eta Mixel Ducau, Iñigo Egia, Mikel Ugarte, Juanjo Otxandorena musikarien doinuen gainean eraiki da ikuskizuna. Txalapartariek egurrezko eta harrizko txalapartak eta tuboak, bidoiak eta tututofonoak joko dituzte. Oreka TX taldeak lehen ere esperientzia du ikuskizun ederretan. Joan zen urtean Nömadak TX ikuskizuna ekarri zuten Altsasura, Iortia aretoa bete zuten sakandarren gozamenerako. Aurten azken lana ekarriko dute. Amaren Alabak taldeak Iparraldeko haizea ekarriko du. Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar abeslariek Xiberüko abesti tradizionalak gaurkotu dituzte. Boz indartsuekin eta eszenaratze teatralarekin ikuskizunari freskotasuna eta alaitasuna ematen diote. Txalapartaren eta Iparraldeko ahotsen erritmora dantzatuko dute Kukai dantza taldeko kideek. Jon Maya, Ibon Uharte, Alain Maya, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Nagore Indakoetxea eta Nerea Vesga firin-faran mugituko dira eszenatokian, hostoak bailiran, atzoko dantzak etorkizunera eramanez.