Bi anai filma Sakanan

Guaixe 2012ko urtarrilaren 20a

Imanol Rayo, Arbizuko zuzendari gaztearen lehen filma Sakanara iritsiko da asteburu honetan. Altsasuko Iortia kultur gunean eskainiko dute gaur, 21:45ean eta domekan, 20:10ean. Filma Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitateak eta Bierrik fundazioak sinatutako Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari hitzarmenak ekarri du. Hiru erakundeek euskara eta euskal kultur ekoizpenak bultzatu nahi dituzte. Helburu horrekin bi sakandarren filmak ekarriko dituzte Altsasura. Datorren astean Gartxot animazio filmaren txanda izanen da.Lehen filmarekin sariaImanol Rayo arbizuarraren lehen film luzea da Bi anai. Bernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarrituta dago. Baina, arbizuarraren esanetan, "ez da moldaketa tradizional bat. Zinemako narrazioak ez du zerikusirik literaturarekin. Funtsezkoa irudiekin eta begiradekin kontatzen dena da" azaldu zuen. Atxagaren nobeletan leku berezia duen Mintzoa pantailara egokitzeko ahaleginean, "ez ohiko filma" egin du, "elkarrizketa urriengatik (14 minutu), isiltasun handiengatik, estilo eta forma bereziagatik, aktoreen lehortasunagatik...". Filmerako propio aukeratutako "euskara batu garbia" ere azpimarratu zuen.Zuzendaritza zinematografikoan graduatu ondoren, Imanol Rayo (Arbizu, 1984) duela lau urte inguru abiatu zen bere lehen filmaren abenturan. Ibilbide luze eta batzuetan neketsuaren ondoren, Bi anai filmak luxuzko mustutzea izan zuen: Donostiako Zinemaldiko Euskal Galan mustu zuten, pasa den irailean. Bertan estreinatutako euskal ekoizpen onenarendako Zinemira Saria irabazi zuen. Filmak kritika bikainak jaso zituen. Mustutze arrakastatsuak eta Bernardo Atxagaren izenak lagunduta, Bi anai filmak uste baino ibilbide luzeagoa izan du Euskal Herriko zinema nagusietan. "Donostiako Zinemaldian izandako harrera onak oihartzuna izan du. Ezaugarri hauetako film batendako garrantzitsua da" esan zuen Imanol Rayok hitzarmenaren aurkezpenean. Sakanatik SakanaraPremierretik ia lau hilabete pasa ostean, Bi anai filma Sakanara iritsi da. Arbizuko zuzendari gaztearen ustez "filma Altsasun eskaintzea polita izanen da, zenbait sakandarrek parte hartu baitzuten: Mikel Goñik, Edorrek, bandako musikariek...". Pello Lazkoz arbizuarraren katagorriek ere paper berezia egin zuten. Bestalde, aipagarria da zenbait pasarte Urbasan filmatu zirela. Sakandarren lanaz gozatzeko aukera ederra dugu asteburuan. BI ANAIEH, 2011. Gidoia eta zuzendaritza: Imanol Rayo. Argumentua: Bernardo Atxaga. Aktore nagusiak: Bingen Elortza, Aitor Coteron, Loreto Mauleon, Oihan Lopetegi. Ekoizpena: Beñat Ibarbia, Unai Ibarbia (Orio Produkzioak). 104 min.SinopsiaAitaren heriotzaren ondoren, Paulok, seme gazteak, bere gain hartuko du Daniel, adimen urriko anaiaren ardura. Danielen emakumeekiko desioak gora egitearekin batera, herrian gero eta baztertuago egonen dira bi anaiak. Filma XX. mendeko 50eko hamarkadaren amaieran kokatzen da.1 € BIERRIKendakoSarrerak 5 euro eurotan salgai Iortiako leihatilan eta www.entradas.com orrian.