Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten. Urtemuga ospatu nahian, elkartearen ibilbidea aztertu, eta Beste larogei urtian liburu eta DVDan bildu dute. Alberto Barandiaran altsasuarrak idatzi du liburua eta dokumentalaren gidoia. Bertsozale elkarteak 25 urteko esperientzia aberatsa du bere bizkarrean. Bidean aurkitutako oztopoak gainditu, eta etengabe hazi dira: 500 bazkiderekin hasi zen elkartea, eta gaur egun 2.300 ditu. Ikaslerik gabe hasi, eta gaur egun 20.000 ikasletik gora ditu. Urte horietan guztietan milaka bertsozalek parte hartu eta lagundu dute elkartearen ekimenetan. Denen lanari esker bertsolaritza tradizio moderno bihurtu da. Alberto Barandiaran altsasuar kazetariak elkartearen historiak utzi dituen hamaika txosten eta agiri irakurri ditu, eta hainbat argazki eta bideo ikusi. Gainera, 25 urteotan elkarteko bazkide izan diren 40 lagun inguru elkarrizketatu ditu. Iturri aberats horretatik sortu dira Beste larogei urtian liburua eta dokumentala. Liburu-dokumentalaBertsozale elkarteak eskatuta, Alberto Barandiaran altsasuarrak idatzi du liburua eta dokumentalaren gidoia. "Bertsozale apal" izatetik, Bertsozale elkarteko dokumentazio mardulean bete-betean murgiltzera pasa da. Beleixe irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, "Bertsozale elkarteak 25 urtetan egindako lan interesgarria jasotzen saiatu naiz: elkartea zer izan den, bidean zer utzi den eta zer jaso den...".Liburuak 9 atal ditu. Elkartea sortu aurreko testuingurua azaltzen duen atalarekin hasten da, eta etorkizuna margotzen duen atalarekin bukatu. Tartean, 25 urteko une, gune, gertakizun, eztabaida eta erabaki esanguratsuenak jorratzen dira. Liburuaren atzeko aldean dokumentala dago, DVD batean. Liburu-DVDa Lanku Bertso Zerbitzuak argitaratu du. Salgai dago 30 eurotan. Bazkideek 21 eurotan eskuratu dezakete Lankura deituz.Larunbatean Bertso EgunaBertsozale Elkarteak bihar ospatuko du 25. urtemuga, Donostian, 43. Bertso Egunean. Donostiako kaleetan hasiko dute festa 12:00etan. Bertso-poteoan parte hartuko du Eneko Lazkoz etxarriarrak. Ekitaldi nagusia 18:00etan izanen da Kursaalen. Elkartearen urteak adina bertsolarik parte hartuko dute bertan, Euskal Herriko osoko 25 bertsolari iaiok. Eguna borobiltzeko, afaria izanen dute. GERTUTIKAlberto Barandiaran, idazlea eta kazetariaNola jaso zenuen liburua egiteko proposamena?Elkarteak deitu eta esan zidaten 25. Urtemuga egitea nahi zutela. Nik esan nien bertsozale apala nintzela, baina kanpoko begirada interesatzen zitzaien; hurbiletik, baina ez oso barnetik. Nola egin duzu dokumentazio lana?Hiru oinarri izan ditut: barruko informazioa (aktak, txostenak...), kanpoko hemeroteka edo elkarteak proiektatu duen irudia eta elkarrizketak. Elkartean jende askok parte hartu du, euskal kulturarendako jende garrantzitsuak, eta haien zuzeneko lekukotasuna jaso nahi nuen. 35 elkarrizketa egin ditut. Hiru hanka horiekin harilkatu dut liburua. Liburuarekin batera DVD bat dator, gutxi gorabehera liburuan datorrena dokumental klasiko baten bidez kontatzeko. Bertsolaritza bera oso plastikoa da, eta horregatik interesgarria iruditzen zitzaigun dokumentala egitea. Sei elkarrizketa osorik publikatu ditugu, garai interesgarriari buruz izateagatik edo ikuspegi berezia izateagatik: Jon Sarasua (elkartean parte hartze handia izan duen pentsalaria), Arantza Mariskal (Xenpelar dokumentazio zentroko lehen arduraduna eta ikerketaren beharraz ari dena), Maialen Lujanbio (bertso eskolen belaunaldikoa), Iñaki Murua (gaur egungo lehendakaria eta elkartearen ibilbidea gertutik ezagutzen duena)... Elkarrizketek plus bat ematen diote liburuari. Duela 25 urte zein zen bertsolaritzaren mapa?80ko hamarkadan Euskal Herrian bor-bor politiko-kultural izugarria zegoen. Panorama horretan sortu zen Bertsozale elkartea. Bertsolariek gero eta presentzia handiagoa zuten gizartean, baina aldi berean irudipena zuten bertsolaritzako erabakiak haien gainetik zeudela. Hortik sortu zen bertsolariak eta bertsozaleak biltzeko premia. 500 bazkiderekin hasi zenak, orain 2.400 ditu.Sekulako bidea egin du elkarteak. Jarduna gaurkotu egin du eta, neurri batean, profesionalizatu: txapelketak eta bertso saioak egiteko egitura zehatza dute, irakaskuntza arautuan irakasleak trebatzeko egitura dago... Garai hartan bertsolaritza nahiko baserritarra zen, herri girokoa. Bertso eskolak sortzearekin bertsolaritza gaztetu eta hiritartu da. Hori ekarri du Bertsozale Elkarteak. Euskal kulturan elkarte garrantzitsu bihurtu da.Nola ikusten duzu gaur egun bertsolaritzaren osasuna?Bertsolari koadrila interesgarria dago, kolore ugarikoa. Ez dut bertsolaritza mitifikatuko: kantu inprobisatua da, bere txokoa eta mugak dituena. Baina gazteak erakartzea, aldatzea eta bere buruari bueltak ematea lortu da. Alde horretatik interesgarria da.