Dora Salazarren lan prozesua agerian

Guaixe 2012ko urtarrilaren 24a

Gernikako Euskal Herria museoko ganbara artearen txokoa da. Joan zen astetik bertan dago Dora Salazarren Estudiotik kalera erakusketa. Gernikako erakusketan kalean dauden eskulturak eta estudioko lana lotu nahi izan ditu, "prozesu beraren bi alde direlako". Artelanak artistaren estudioan sortzen dira; kalean, berriz, eraldatu egiten dira, "ikusleek bere egiten dituztelako". Altsasuko artistak agerian utzi nahi izan du artelanak sortzeko prozesua, "hori ere artea baita". Maila batean erakusketa didaktikoa dela esan daiteke, artistak jarraitutako bidea erakusten baitu. Erakusketan eskulturak, maketak, marrazkiak eta Julia Juanizen Dora Salazar hegal egiten film dokumentala ikusi daitezke. Obra horietan Dora Salazarrek berezko dituen ezaugarriak errepikatzen dira: maskaren erabilera, metalezko sarez egindako gorputzak eta emakumezkoen nagusitasuna. "Emakume bezala, esperientzia bat dut eta hortik abiatzen naiz" dio. Artearen historia gizonezkoek eraiki dute; emakumeen lana bisibilizatzeko garaia dela aldarrikatzen du. Windsor-en urtemuganBilboko Windsor Kulturgintza galeriak erakusketa berezia prestatu du 40. urtemuga ospatzeko. Lau hamarkadetan galeria honetan parte hartu duten artisten obra zaharrenak erakutsi nahi izan dituzte. Paper gaineko marrazkiak, akuarelak, teknika mistoa, argazkiak, oleoak eta abar bildu dituzte. Montamos el Belén (1971-2011) erakusketako 100 artisten artean dago Dora Salazar.