Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak deituta gaur eguerdian udaletxe aurrean kontzentrazioa deituta zegoen. Erregearen diskurtsoa parodiagatik Madrilera deklaratzera joandako Garazi Urrestarazu alkateari eta Ramon Lopez Cidi elkartasuna adierazteko deitu zen. Baina kontzentrazio bakarra egin beharrean dozena erdi bat egin dira, herrian barna sakabanatuta. Juan Carlos Orellana Bengoetxea zinegotziak azaldu digunez, udal bilkuran hartutako erabaki bat izatean eta akta zuzenean gobernu ordezkaritzara doanez, baimena eskatua eta jakinarazia zegoela uste zuten udaletxean. Baina ez da hala izan. Baimena propio eskatu ez duelako kontzentrazioa baimendu gabe gelditu da, gobernu ordezkaritzan ahaleginak egin arren. Kontzentrazioaren aurretik herriaren hainbat guneetan Guardia Civila agertu da eta udaletxe aurreko plazan, kontzentrazioa egin behar zen tokian patrol bat zegoen. Juan Orellana zinegotziak Guardia Civilen buruarekin hitz egin ondoren, plazan bildutako 100dik gora pertsonak aldarrikapena herrian barna zabaltzea erabaki dute, elkar ikusten ez ziren tokietan bilduz. 20 pertsona baino talde txikiagoetan bildu dira udaletxe aurrean, botika zaharraren parean, San Juan kalean, Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzean, azokan eta liburutegian. Auzitegi Nazionala itxi, adierazpen askatasuna zioten kartelak erakutsi dituzte.