Gartxot Itzaltzutik Sakanara

Guaixe 2012ko urtarrilaren 27a

Ilbeltzaren 27an, ostiralean, 21:45ean, eta 29a, domekan, 20:00etan  Gartxot bardoaren istorioa Sakanara iritsiko da asteburuan. Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik pantaila handira eraman dute Itzaltzuko bardoaren istorioa. Euskarazko animazio film luzea lan-talde handiaren fruitua da. Egileen artean dago Jose Mari Morcillo Morkots altsasuarra. Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitateak eta Bierrik Fundazioak Sakanara ekarri dute animazio filma, Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari hitzarmenaren barruan. Gartxot, konkista aitzineko konkista animaziozko filma Arturo Campionek 1917an argitaratutako Itzaltzuko bardoa lanean oinarritzen da. Gartxot, Itzaltzuko bardoaren, eta haren seme Mikeloten istorioa kontatzen du. Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldurgarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Irtenbide bakarra utzi dute: tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista. Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak pertsonaien diseinu ausarta aukeratu dute, bi dimentsiotakoak. Bestalde, deigarriak dira erromantizismoa gogora ekartzen dituen paisaiak. Musikak ere garrantzi berezia du filmean. Abestiak Benito Lertxundik 80ko hamarkadan eginak dira. Egokitzapenak Aitor Fundarena irakasle eta konpositoreak egin ditu. Filma 20 pertsonako lan-taldearen lau urteko lanaren emaitza da. Horien artean dago Jose Mari Morcillo Morkots altsasuarra, Guaixe astekariko komikigilea. Altsasuarrak Asiskoren zirriborroak filmerako egokitu zituen, eta dekoratuak eta animazio lana egin zuen. Urmenetaren hitzetan, "lan-taldeak lan bikaina egin du, ez baita erraza nire pertsonaiei -perfil kubistadunak eta abstrakziotik gertu daudenak- mugimendua ematea". Jose Mari Morcillok "filma osorik Euskal Herrian egin izana" azpimarratu zuen; "ez da ohikoa animazio filmetan". Somuga produktuak etxearen apustua nabarmendu zuen. Lan talde horretan egotea "oso aberasgarria" izan zela esan zuen. Gartxot animazio filma euskal kulturari lotuta dago eta euskaraz egin da. Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa historian urrun xamar geratzen bada ere, "gertutasun handia" du. "Sakandarrek erraz barneratuko duten istorioa da" gehitu zuen altsasuarrak. Altsasuarrak filma ikustera animatu zituen sakandarrak, "filmarekin gozatzera eta hunkitzera". Gainerako sakandarrekin batera Iortia kultur guneko besaulkian eseriko zela adierazi zuen.1 euro Bierrik FundazioraSarrerak: 5 euro. Salgai Iortiako leihatilan eta www.entradas.com orrian.