Altsasuko Tarima Beltza antzerki taldea eszenatokira itzuliko da bihar, Denise Despeyroux-en Bienvenido a Girasol antzezlanarekin. Ohizko umorea baztertu gabe, ikusleak hunkitzeko prest datoz. Altsasuko antzerki taldearen laugarren antzezlana Girasol eroetxean kokatzen da. Bertan, zenbait dependentzia edo behar dituzten eroak daude: gezurra, bakardadea... Horiek gainditzeko terapia jarriko diete eroetxean. Batzuetan irribarrea sortzen duen terapia; bestetan, atsekabea sortzen duena. Eta horrek sortzen du galdera: zein dago ero eta zein ez, gaixoak edo zaintzaileak?
Denise Despeyroux uruguaiarraren obra 2004an mustu zuten Bartzelonan. Tarima Beltza taldeak Sakanara ekarri nahi izan du. Tarima Beltza taldeko antzezle Juan Manuel Herreroren esanetan, antzezlanak gogora ekartzen du Alguién voló sobre el nido del cuco filma. "Orain arte egin ditugun antzezlan gehienak komikoak izan dira. Honek ere golpe barregarriak ditu, baina dramatikoagoa da; pentsarazi egiten du" aurreratu du. Litekeena da Katalunian bizi den idazlea bihar Altsasura etortzea.
Antzezlanak
Jorge Cordonen zuzeneko musika izanen du. "Obran garrantzi handia du. Indar handia ematen dio" azaldu digu Herrerok. Iragana eta geroaTarima Beltza taldea 2006an sortu zen Altsasuko antzerki tailerretik. 5 urte geroago gogotsu jarraitzen dute Maru Garciak, Amaia Mitegiak, Juan Manuel Herrerok, Merche Herrerak, Pili Maldonadok eta Jose Luis Liberalek. "Antzezlanaren gertutasunaren arabera astean behin edo gehiagotan elkartzen gara. Pertsonaiak lantzeko ariketa interesgarriak egiten ditugu, asko ikasten dugu eta, batez ere, asko barre egiten dugu" azaldu digu Zapak. Hasiera hasieratik Jon Barbarinen zuzendaritzapean lan egin dute.
Hiru antzezlan mustu dituzte (Malumbres, No hay ladrón que por bien no venga eta ¿Habrá o no habrá función?) zenbait kolaborazio egin dituzte Haize Berriak bandarekin.Azken urteetan Nafarroako Antzerki Talde Amateurren Federazioan jarri dituzte indarrak, hor ikusten baitute etorkizuna. Antzerki talde ez profesionalei lekua egin nahian, joan zen urtean Teatr@ves zikloa antolatu zuten Altsasun. Jakinarazi dutenez, maiatzean bigarren zikloa etorriko da.