Altsasuarren historia hurbila liburuetan

Guaixe 2012ko otsailaren 2a

Otsailean XX. mendeko historia hurbilari begira jartzen dira altsasuarrak. Horretarako aukera ematen dute Begoña Salazarrek prestatutako argazki-liburuek. Aurten, 15 liburu berri gehitu dizkio bilduma mardulari. Iortia kultur gunean egonen dira otsailaren 26ra arte.Begoña Salazar altsasuarrak 2009an egin zuen lehen aldiz XX. mendeko Altsasuko oroitzapenak eta irudiak erakusketa. Joan zen mendeko Altsasuko argazkiak eta herriko ohituren (festak, folklorea...) eta giza-taldeen berri ematen zuten dokumentuak (eskola, kirol taldeak...) 30 bat liburu lodi eta apainetan bildu zituen. Hasiera batean, Begoña Salazar bera ibiltzen zen herriko argazkien bila. "Altsasurekin lotura dut eta nire barne kezka batek herriarekin lotura duen guztia biltzera bultzatu ninduen" azaldu zigun erakusketaren lehen urte hartan. Azken urteetan, berriz, herritarrek jo dute berarengana. Horrela, urtez urte bilduma osatzen eta handitzen joan da. Joan zen urtean bezala, Altsasun sortutako Laura Lopezen margolanek osatzen dute erakusketa. Garai bateko Altsasu ezagutzeko beste modu bat dira, Begoña Salazarrek bildutako argazki eta artikuluendako osagarri atsegina.Herritarrak protagonistaBegoña Salazarren hitzetan, "erakusketako protagonistak Altsasuko herriaren historia bere egiten dute herritarrak dira". Batzuek gogora ekartzen dituzte haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak. Beste batzuek, berriz, gurasoen eta aiton-amonen ibilerak ezagutzen dituzte. Guztien artean lortzen dute erakusketa hau Iortia kultur guneko arrakastatsuenetakoa izatea. Erakusketaren lehen egunean, asteazkenean, herritarren inpresioak jaso genituen. Argazki zaharrak gustuko ditu eta, horregatik, erakusketa ikustera joan zela esan zigun Ana Lasa olaztiarrak. Jakin minez begiratu zituen liburuak, "bertakoa ez banaiz ere". Aurretik Salazarren beste erakusketa bat arrazoi beragatik bisitatu zuen, eta egileak Olatzagutian eginen duenera joanen dela esan zigun. Beste mahai batean liburuak begira opatu genuen Angel Rodriguez. Argazki zaharren zalea hau ere, bakarren batean bere burua ikusia zuen, "festetakoetan". Liburuko orriak pasatuz, Rodriguezek esan digu gazte zenean orduan helduak zen jendea ikusi zuela eta oroitzapen asko ekartzen dizkiola horrek. Izan ere, erakusketa zabalik den bitartean, batean baino gehiagotan bisitatuko duela aitortu digu. Altsasuarrak Salazarren aurreko erakusketak ere ez zituen galdu. Candido Arnanzek ere egilearen aurreko erakusketak bisitatu izan ditu, eta aurten behin baino gehiago Salazarren liburu artean ikusiko dugula esan zigun. "Gu baino aurreragoko garai bateko gauzak" agertzen direlako du gustuko erakusketa. Oroitzapenak eta garaiak ekartzen dizkiote gogora argazkiek. Orri pasa zegoela koadrilakoak ikusi zituen argazki batean. Liburutegira maiz joaten denez, Maribel Carravillak ez du Iortiako erakusketa bat bera ere galtzen. Salazarrenak bereziki, haren laguntzaile baita. Iazko erakusketarako makina bat argazki pasa zizkion. Baina ez hori bakarrik, erakusketa zaintzen ere egoten da, egilea lagunduz. Salazarren erakusketak aurrekoak eta herriaren egoera ezagutzeko aukera ematen diola esan digu Carravillak. Liburu batetik bestera ibiliko da erakusketak irauten duen bitartean, argazkietako jendea ezagutzen, eta liburu bat bera ere ikusi gabe uzteko beldurrez.