Haienak ez direnak ere leporatu dizkiete EHEkoei

Guaixe 2012ko otsailaren 10a

Atzokoan Iruñean, auzitegian, izan ziren Altsasuko Euskal Herrian Euskarazko (EHE) bi kide deklaratzen. Foruzaingoak salatuta 16 seinale ezabatzea leporatu zieten biei, haien argazkiak erakustearekin batera. Euskaltzaleek seinaleak haiek ezabatu zituztenik ukatu egin zuten. Batzuk aurretik ezabatuak zeudela azaldu zuten epaitegian. Gainera, nabarmendu zuten foruzainak harrapatu zituen seinaleko argazkirik ez zegoela erakutsitako 16 argazkien artean.Deklaratu ondoren, akusazioa falta edo delitua izanen den ez dakite euskaltzaleek, ezta epaiketa noiz izanen den. Biek 3.000 euroko isun eskaerari aurre egiten diote. Atzokoaren auziaren martxa azaltzeko kalejira egitekoa zen Altsasuko EHE.Azaroan deitutako Ezabatu eta euskaraz bizi ekimenaren bidez euskaltzaleek salatu nahi zuten Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duela. Ezabaketen bidez "herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hausnarketa bilatu eta hizkuntza paisaia irauli" nahi izan zuen eragile euskaltzaleak. Orduan harrapatu zituzten euskaltzaleak.SuperezabatzaileEtor litezkeen isunak ordaindu ahal izateko EHE hainbat jarduera antolatu ditu. Hasteko asteburuan zozketa baterako txartelak salduko dituzte. Otsailaren 25ean, bestalde, ihoteak direla baliatuz barra jarriko dute Foru plazan. Horretaz gain, super-heroiz mozorrotzeko asmoa azaldu dute euskaltzaleek, superezabatzailez hain zuzen ere.Horretaz gain, Iruñean, egun berean, egun osoko egitaraua prest izanen da. Han jasotako dirua Atarrabia eta Altsasuko kideei jar diezazkieten isunak ordaintzeko izanen da.