Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanan motorrekiko zaletasun handia dagoela gauza jakina da, baina ez dira hainbeste lasterketa ofizialetan aritzen direnak. Horien artean dugu Gorka Ramos gaztea. Altsasuarraren ibilbidea nahiko laburra bada ere, denbora gutxian garaipen garrantzitsuak lortu ditu. Ramos orain dela 2 urte hasi zen lasterketetan parte hartzen eta pasa den urtean 3. sailkatu bazen promesa mailan, aurten txapelduna izatea lortu du.Etorkizun handiko pilotuaRamos hasieratik indar handiarekin ibili da parte hartu duen lasterketa guztietan. Nafarroan ez ezik, Bizkaian, Errioxan... ere aritu da pilotatzen. Hurrengo denboraldia dagoeneko prestatzen hasia da. Aurtengo helburua Nafarroako txapelketan jarraitzeaz aparte, Espainia iparraldeko zonaldean aritzea da. Horretarako buru belarri prestatzen ari da altsasuarra. Besteak beste Espainiako txapelduna den Alvaro Lozanorekin hainbatetan ibili da, lasterketako sekretu eta teknika ezberdinak lantzen.Txapelduna entrenatzeko lekurik gabeHala ere, kasu askotan gertatzen den bezala, Gorka Ramosek zailtasun handiak dauzka entrenatu eta lasterketak prestatzeko orduan. Altsasun bertan pista badago ere, baimenik ez du eta pilotuak ezin dute bertan entrenatu. Honek arazo asko sortzen ditu. Esaterako, Ramos Faltzesen federatua dago; hemendik kanpoko zirkuituetan ibili beharra dauka, Errioxaraino edo Bizkaiaraino bidaiatuz, astebururo ehunka kilometro eginez. Hori dela eta pilotu altsasuarrak bai udalaren bai Mankomunitatearen laguntza eskatzen du. "Zirkuitua egina dago, falta dena udal erakunderen batek baimena sinatzea da, besterik ez. Honek onura handiak ekarriko dizkio herriari. Hemen betidanik zaletasun handia egon da motorrarekin ibiltzea. Baimena egonez gero, asko izango lirateke bertan entrenatzen ariko zirenak. Gainera sarrera oso mugatua egoten da zirkuituetan, ezin da edonor sartu, lizentzia edo segurua behar da bertan aritzeko." Altsasuko zirkuitua berezia da izan ere "zirkuituak esparru ezberdinak ditu eta horrek modalitate ezberdinetako pilotuak ibiltzeko aukera ematen du".