Txuspo Poyo ARCOn

Guaixe 2012ko otsailaren 15a

Gaur irekiko ditu ateak 31. ARCO arte garaikidearen feriak, Madrilen. 29 herrialdetako 215 galeriak parte hartuko dute erakusketa ezagunean. Denera, ikusgai egonen dira 3.000 artista baino gehiagoren obrak, nork ikusiko, nork erosiko. Aurtengo herrialde gonbidatua Herbehereak dira. Herrialde latinoamerikarrek ere protagonismo berezia dute. 2012ko nobedade nagusia da galeria bakoitzak artista bat nabarmendu beharko duela. Berritasuna ez da euskal galerien gustukoa izan. Sakanako artistak ez dute lekurik izanen Euskal Herriko galeria ezagunen standetan (Iruñeko Moises de Albeniz, Bilboko Vanguardia...), baina Txuspo Poyok ez dio utziko ARCOn egoteari. Oraingo honetan, Valle Ortí galeriarekin joanen da. Valentziako galeriak Altsasuko artistaren zenbait obra ditu, besteak beste, bideoak, animazioak, egunkari gaineko marrazkiak. Sakandarraren lanetan arrastoa utzi dute Altsasuko jatorriak eta New Yorkeko egonaldiak. Zenbait obra AEBko gobernuarekiko kritikoak dira.ARCO arte garaikidearen leihoak hilaren 19an itxiko ditu ateak.