Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garabide elkarteak Euskararen berreskuratzea (III) Hedabideak DVD-liburuxka argitaratu du. Bertan, hizkuntza gutxituen biziberritzean hedabideek izan dezaketen eragina aztertzen da, euskararen esperientzia ardatz harturik. Liburuak 65 orri ditu, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratu da. Alberto Barandiaran altsasuarrak idatzi du. 14 minutuko dokumentala, berriz, Maialen Sarasuak egin du eta Argiak ekoitzi du. Hedabideen ekarpenaLiburuaren oinarrian bi galdera daude: zergatik dira garrantzitsuak hedabideak hizkuntza baten biziraupenerako? Eta, zer du Euskal Herrika emateko arlo honetan?Liburuak euskal hedabideen ibilbidea aztertzen du: XIX. mende bukaeran, euskal prentsa sortzeko lehen ahaleginak; 90eko hamarkadan, Euskaldunon Egunkariaren sorrera; tokiko prentsaren eztanda; euskal irratien ugaritzea; internetera saltoa... Gaur egun, euskara hutsean argitaratzen diren egunkariak, astekariak, telebistak, irratiak, web orriak eta beste daude. Horien adibide dira Guaixe astekaria, Beleixe irratia eta www.guaixe.net web orria. Garabide elkarteak hizkuntzen berreskuratze prozesuan "hedabideen garrantzia funtsezkoa" dela azpimarratzen du: "hedabideen bidez zabaltzen dugu gure mundua, eta mundua ere leiho horretatik sartzen da". Liburuan ondorioztatzen denez, "hedabideek aukera ematen diete hiztunei beren buruaren errepresentazio publikoa kontrolatzeko, (...) eta Gu-aren ideia komunitate horren baitan txertatzeko. Hedabideak, gainera, hizkuntza garatzeko gune apartak dira".Liburuan gogora ekarri dute orain dela hogeita hamar bat urteko eztabaida: zer da euskal hedabidea? "elebitasuna bide faltsua zela ondorioztatu zen, euskara bigarren mailan geratzen zelako beti". Euskal hedabideak euskaraz dihardutenak direla eta euskal komunitateak euskara hutsezko eredu autozentratuak behar zituela erabaki zen.Esperientziak elkarbanatzenGarabide elkarteak euskara eta euskal kulturaren garapen esperientziak garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin trukatzen ditu. "Jakin badakigun arren gure hizkuntza nahi genukeen normalizazio mailatik urrun dagoela, tamalez, gurea bezalako berreskuratze kasu dokumentatuak ez dira ugariak, eta merezi du egindako ibilbideari erreparatzea, inori bidean argi egin balekio ere" dio elkarteak.Garabide elkarteak orain dela hiru urte jarri zuen martxan Euskararen berreskuratzea izeneko bilduma. Helburua honakoa zen: euskararen berreskurapenean egin den (eta egiten ari den) lan eskerga hizkuntza gutxituak dituzte gainerako komunitateen eskura jartzea. Labetik atera berri den DVD-liburuxka proiektu zabalago baten hirugarren lana da.