Autobus elektrikoa, Tafallan

Guaixe 2012ko otsailaren 15a

Asteartean Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordea bildu zen. Lourdes Goikoetxea Zubeltzu kontseilariak, berak eskatuta, Foton AUV enpresa Nafarroan kokatzeko dituen egitasmoen berri eman zuen. Enpresa horrek autobus elektrikoak eginen lituzke Nafarroako bere lantegian. Goikoetxeak berretsi egin zuen enpresa txinatarra Nafarroan kokatzeko duen interesa. Estatuko beste erkidego batzuen aldean Nafarroa da Foton-endako "baldintza hobeak" dituena. Goikoetxeak zehaztu zuenez, "baldintza gisa inposatu digute Mao Chin Fu Lee jaunak jardueran parte hartu behar duela. Txina eta Espainiaren arteko haien lotura Mao jauna da. Guk hori onartu egiten dugu". Goikoetxeak aipatu zuenez, autobus fabrika Nafarroan kokatzeko gobernuak Sodena enpresa publikoaren bidez finantzazioa erraztuko luke, Maok Tafallan dituen lantegiak eta lursailak jarriko lituzke eta Fotonek ekoizpen lerroa eta jakintza. Behin bakarrikAstearteko agerraldian behin bakarrik aipatu zen Sunsundegui. Kontseilariak berak aipatu zuen, lantegi txinatarra Nafarroara ekartzeko prozesuan Altsasuko lantegia bisitatu zutela esaterakoan. Besterik ez. Beste bozeramaileek ez zuten Sunsundegui aipatu. Guaixe astekaritik departamentura jo dugu Sunsundeguik autobus elektrikoaren proiektuan zein eginkizun izanen lukeen galdezka eta ez digute ezer zehaztu. Bestetik, aurreratu digute, Industria Departamentua Sunsundeguiko saneamendu plana prestatzen ari dela.