Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otadiako Kristo Deuna aterpetxean Europako 14 herrialdetako 30 bat teknikari bildu ditu Bi-Tri-Multi ikastaroak. Atzotik domekara bitartean parte hartzaileek Gazteria Ekinean Europako programaren gakoak ezagutzeko aukera izanen dute. Programa horrek, beste herrialdeetako gazteekin elkarlan eta truke proiektuak antolatzeko bidea ematen du, Europako diruz lagunduta. Programarako aurkezteko egitasmoak nola prestatzen ikasiko dute teknikariek Altsasun. Gazteria Ekinean Europako programa edozein udala edo gazte elkartek erabil dezake. Laguntza jaso dezakete lan, kooperazio, kultur, hezkuntza, ingurumen eta beste arloetako proiektuak. Helburua da gazteen sormena eta izpiritu ekintzailea sustatzea eta gazte-boluntario lanetan aritzera animatzea. Bestetik, antzeko gazte egitasmoen sarea sortu nahi du programak eta gazteria arloan elkarlan politikaren garapenean lagundu nahi du. Ikastaroa Nafarroako Gazteria Institutuak antolatu du, Salto-Youth Europako Zentroarekin eta Gazteria Ekinean programarako Espainako agentziarekin elkarlanean. Mustutze ekitaldian Miguel Rodriguez Garaiar ordezkari nafarrak hartu zuen hitza. Aldamenean izan zituen estatuko agentziako Pablo Ruiz eta Salto-Youtheko Gerald Dowden britainiarra eta Marta Pisczek poloniarra.