Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) biharkoan plazan barra jarriko du bi kidek jasotako isuna ordaintzeko dirua ateratzeko. 12:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 5:00etara egonen da zabalik. Arratsaldean, zabaltzeko orduan, saldutako txartelen zozketa eginen dute EHEko kideek. Barraren inguruan ere jolasak eta edari bereziak izanen direla iragarri dute. Euskaltzaleak, bestalde, superezabatzailez mozorrotuko dira eta jendartean pegatinak banatuko dituzte. Azaroan deitutako Ezabatu eta euskaraz bizi ekimenaren bidez euskaltzaleek salatu nahi zuten Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duela. Orduan egindako ezabaketagatik EHEko bi kide salatu zituen Foruzaingoak, 16 seinale ezabatzea leporatu die, haiek ez egindakoak barne. Trafiko zuzendaritzatik asteartean jakin zieten EHEko kideei 15 egun dituztela isuna ordaintzeko. Iruñeko epaitegian, bestalde, auzi-bidea zabalik dago eta epaiketaren zain daude bi euskaltzaleak.