Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Koalizioko Altsasuko zinegotzi Arturo Carreñok kezka azaldu du Nafarroako Gobernuak Urdiain-Altsasu industrialde egitasmoa geldiaraztea erabaki duelako. "Sakanako ekonomia-egoera ikusta kolpe inportantea da. Enpresak erakartzeko beharrezkoa da". Carreñok nabarmendu zuen aurreko legegintzaldian industrialdearen inguruan adostasun zabala zegoela, bai udal talde, bai UGT eta CCOO sindikatuak, baita Sakanako Enpresarioen elkartea ere hartzen zuena. Carreñok "denen artean egoera bideratzeko eta egitasmoa berriro hartzeko" eskaera eginen du. Eskaera hori eginez asteazkeneko udal bilkuran mozioa aurkeztu du IU-EBk. Koalizioak eztabaidatzea eta alderdiak jarrera hartzea nahi du. Mozioa Nafarroako Parlamentura eramanen dutela ere gaineratu zuen. Jose Miguel Nuin parlamentariaren iritziz, bestalde, Altsasu eta Sakana urgentziaz berrindustrializatu behar da. "Krisia hasi zenetik langabezia hirukoiztu egin da, %23ra iritsiz". Nuinek argitu zuen industrialdea ez dela Sakanako arazoendako konponbide "erreala. Beste eredu eta sistema ekonomiko bat da. Baina Nafarroako Gobernuaren erabakiak egoera okertu egiten du". Nuinek arabera ekonomia pizten hasten denean, industria proiektuak erakartzeko eskualdeen artean borroka hasiko da. "Kapitalak erabakiko du, botere politikoak beharrean". Ordurako industria kokatzeko lurrik ez badago zer gertatuko da Sakanarekin, galdetu zuen Nuinek.