Tarima Beltza Mendillorrira

Guaixe 2012ko martxoaren 1a

Bihar hasiko da Mendillorriko eta Uharte-Iruñeko Escénica Navarra jaialdia. Nafarroako antzerki talde afizionatuei eskainitako zikloa da. Nafarroako Antzerki Amauterren Federazioko kide Javier Chocarrok dionez, "Nafarroako antzerki talde afizionatu gehienek etxean bakarrik antzezten dute. Lan hori zabaldu nahi dugu". Horrela, martxoaren 31ra arte Nafarroako 10 antzerki talde amateurrek haien lanak aurkeztuko dituzte Mendillorrin eta Uharte-Iruñean. Haien artean dago Tarima Beltza antzerki taldea. Altsasuko taldeak azken antzezlana eramanen du. Altsasuarrek bi aldiz bete zuten Iortia kultur gunea ilbeltzean, Denise Despeyrouxen Bienvenido a Girasol obrarekin. Martxoaren 16an antzezlana Mendillorrira eramanen dute. Mendillorriko eta Uharte-Iruñeko zikloan antzerki amateurraren inguruko mahainguruak, tailerrak eta maixu-klaseak ere egonen dira.