Madrilek ez du enpresa mintegirako onartutako dirurik eman nahi

Guaixe 2012ko otsailaren 28a

Aurreko ostegunean jaso zuen berria Altsasuko Udalak eta ostegunean bertan jakinarazi zuen alkatetzako taldeak aurrekontu proposamena aurkezteko egindako agerraldian. PSOE Espainiako Gobernuan zegoela EAJ-PNVrekin akordioa lortu zuen eta estatuko aurrekontuetan Altsasurako diru sail bat sartzea onartu zuten: 900.000 euro enpresa mintegi bat egiteko. Garazi Urrestarazu Zubizarretak ostegunean azaldu zuenez, estatuko altxortegiak jakinarazi dio Altsasuko Udalari ez diola diru-poltsa hori emanen. Altsasuko alkateak esan zuenez, "udalak emana dioten diru-sail hori ez galtzeko borroka eginen du". Berrikuntza eta Industria Ministerioak onartu zuen Altsasurako partida hara zuzenduko dira. Alkatetzako taldeak udazkenean jakinarazi zuenez, enpresa mintegia Sakanako garapenerako sortuko den erakundearekin lotu nahi zuen. Alkatetzan 100 egun zeramala Bilduk egindako balorazioan, bestalde, jakinarazi zuen Dermaun egonen zela enpresa mintegia eta ordurako proiektua eskatua zegoela.