Altsasu dantzari txikien bilgune

Guaixe 2012ko maiatzaren 4a

 Biharkoan Dantzari Txiki Eguna ospatuko da Altsasun. Herriko dantzariekin batera, Urretxu eta Ibarrako haur dantzariak izanen dira parte-hartzaileak. Gipuzkoarrak 11:00etan iritsiko dira musika eta dantza eskolara. Harrera egin eta gosaldu ondoren, eguerdian, kalejira eginen dute eta 3 tokitan geldialdia eginen dute dantza egiteko. 13:00ak aldera Foru plazara iritsi eta dantzari guztiek bildutakoei Agurra dantzatuko diete. Ondoren, talde bakoitzak 10-15 minutuko saioa eginen dute. Hori despedituta guztiak bazkaltzera joanen dira. 17:00etan berriro elkarrekin ariko dira Foru plazan edo kultur gune aurreko zelaian. Guztiek Agintariarena eta Agurra elkarrekin dantzatu ondoren, talde bakoitzaren saioa izanen da. Haur guztiak elkarrekin dantzatzen bukatuko dute eguna. Ondoren merezitako merendua hartu eta halaxe despedituko da eguna.