Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atarrabia Abesbatzak, bertako udalak lagunduta, antolatutako Doinulandia txapelketa eskuratu du Erkudengo Ama abesbatzak. Saria igandean jaso zuen abesbatzako ordezkari batek, txapelketako azken egunean. Altsasuko abesbatzako kideek atzoko entseguan ospatu zuten garaipena. 6 lehiakideen artean Irurtzungo abesbatza ere zegoen, igandean bertan abestu zuena. Abesbatzako kide Patxi Goikoetxeak eta Maripi Larreak azaldu digutenez, "sariak entseguetara ilusio gehiagorekin joateko motibazioa eman digu. Taldea pozik dago eta gustura gaude". Goikoetxeak nabarmendu zuenez, "garrantzitsua da norbait abesbatza apalagoez arduratzea". Eta, gaineratu du, edozeinek irabazita haiek pozik leudekeela. Txapelketaz galdetuta Larreak azaldu digu Erkudengo Amaren errepertorioa "atsegina eta entretenigarria" izan zela. Ordu erdi eskaseko emanaldian Aurreskua, Lua lua, Baldorba, Quien quiera, Volver, Ama Birjina Erkudengoa eta Hator, hator abestu zituzten, azken hiru kantuak Enrike Zelaiak (akordeoia) eta Josetxo Lumbrerasek (perkusioa) lagunduta. "A ze txalo pila jaso zituen Enrikek jendaurrera ateratzean", gogoratu du Larreak. Antolakuntzak kantu batzuk lagunduta abestera behartu zituen parte-hartzaileak. "Baina 6 abesbatzetatik batek ezin izan zuen eta, azkenean, epaimahaiak ez zuen hori gehiegi baloratu", zehaztu du Goikoetxeak. Horretaz gain, abesbatzeko emakumeen doinura Sergio Uhartek eta Aitziberrek Volver tangoa dantzatu zuten. Urtemuga30 urte bete ditu aurten Erkudengo Ama abesbatzak. Ospakizun kontzertua prestatzen ari dira gaur egun abesbatza osatzen duten 40 gizon-emakumeak. Goikoetxeak eta Larreak azaldu digutenez, "kantatu nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte. Ez gara lehiatzeko biltzen, kantatzen segitzeko baizik". Zehaztapen horren ondoren gaineratu dute, batez ere gizonezkoak behar dituztela abesbatzan. Entseguak astelehen eta ostegunetan dituzte, 22:00etan, Iortia kultur gunean.