Iker Bueno McKinley bidean

Guaixe 2012ko maiatzaren 18a

7x1=7 gailur proiektuarekin jarraituz, Kilimanjaro eta Aconcaguaren ondotik Ipar Amerikako mendi altuena igotzeko asmoz abiatuko da altsasuarra asteleheneanIker Bueno Lopetegi mendizale altsasuarrak beste aurrerapausu bat eman du munduko zazpi kontinenteetako mendirik altuenak - seven submit edo zazpi gailurrak deritzanak- bakarrik eta estilo alpinoan igotzeko duen egitasmoan, astelehenean Estatu Batuetako bidea hartuko baitu, Alaskan dagoen McKinley (6.194 m) mendiko gailurrera heltzeko asmoz. 7x1=7 gailur izena jarri dio Iker Buenok bere abenturari. 2010eko abuztuan Afrikako mendirik altuena, Kilimanjaro (5.895 m) igo zuen, eta urte horretako abenduaren 20an zapatu zuen Hego Amerikako mendirik altuena, Andeetako Aconcagua (6.962 m). Iaz Elbrus igotzeko guztia prest zuenean gatazkak gertatu ziren, eta ezin izan zuen bertara joan. Astelehenean hurrengo abenturari ekingo dio: Alaskako mendilerroan dagoen McKinley edo Denali mendia igotzeari. Orain arte egin duen moduan, bakarrik joango da Iker. Alaskako Anchoragera hegazkinez helduko da, eta bertan azken prestaketak egingo ditu. Talkeetna herriraino ibilgailuz joan eta bertatik abioneta edo hegazkin txiki bat hartuko du. Hegazkinak Kahiltna glaziarrean utziko du, eta 22 egun barru bueltatuko da Iker jasotzera. Altsasuarrak epe hori du McKinley igotzeko. Mendi hotzenaaklimatizazio prozesua oso inportantea izango da. Bere kokapenagatik - zirkulu polar artikotik oso gertu, soilik 3 gradutara kokatuta dago McKinley- oso klima hotza dauka. Maximoak -28 gradukoak izaten dira eta minimoak -50 gradutik beherakoak. Munduko mendirik hotzena dela esaten da. Horregatik oso ongi aklimatatu beharko da altsasuarra. Duen desnibel handiagatik - kanpamendu basetik 4000 metro inguru - eta tenperatura baxuengatik igoera konplikatuenetakoa du McKinleyk. Kathiltna glaziarretik abiatuta, West Buttress edo ohiko bidea erabiliko du Ikerrek McKinleyri ekiteko. 5 kanpamendu ditu bideak. Eguraldiak laguntzen badu eta gauzak ongi badoaz, laugarren kanpamendutik, Medical Camp-etik (4.200 m), tontorra saiakera eginen luke altsasuarrak, segidan laugarren kanpamendura jaisteko. Zalantzarik gabe, bide gogorra du altsasuarrak aurrez aurre, eguraldi hotzak eta bakarrik joateak izugarri zailduko duena. Tontorra egitea lortuko badu, oraindik egunak soberan balituzke eta eguraldiak lagunduko balio, laugarren kanpamentutik Messner korridorea osatzen saiatuko litzateke. 1.800 metroko korridorea da, 6.000 metrora arte doana, edo, bestela, Upper West Rib delakoa, 400 metroko korridore izugarria. Baina egunez egun ikusi beharko da. Pitzadura asko eta eguraldi aldaketa azkarrakBakarrik joateak ez ote dion beldurra ematen galdetuta Ikerrek onartzen du "batzutan bai, baina hori da nire proiektuaren ezaugarria, 7 mendiak estilo alpinoan eta bakarrik igotzea; filosofia hori da gehien erakartzen nauena". McKinley mendian bi gauzek ematen diote errespetu gehiena: glaziarrean egon ahal diren pitzadura edo zuloak - pitzadura asko omen daude, horietako asko, gainera, elurrak tapatuta, eta arriskua handia da- eta eguraldi aldaketa azkarrak. Klima bat-batean aldatzen omen da, oso azkar, derrepentean hodeiak sar daitezke eta elurretan hasi. Iker Buenok Aralar Kirolak, Kemen Kirol Osasun Zentroa, Herbalife, Altsasuko Mendigoizaleak eta Sakana Kooperatiba ditu babesle bere ekimen honetan. Bideo kamara eramango du, irudiak hartzeko. Ildo honetan altsasuarrak oso ongi aukeratu beharko du zein material eta janari eman, pisuz ez pasatzeko, bera bakarrik baitoa. 46 kilo inguru eramango omen ditu. "Laugarren kanpamenduraino lera bat eraman dezakezu zure atzetik, bertan materiala daramazula. Horrek erraztu egingo du" dio. Ea zer moduz doakion eta bere hirugarren seven submita lortzen duen.  Zazpi gailurrakAsian Everest, Himalayan dagoena, (8.848 m); Amerika hegoaldean Andeetan dagoen Aconcagua (6.962 m), eta Amerika iparrean Alaskako mendilerroan dagoen McKinley (6.194 m); Afrikan Kilimanjaro (5.895 m); Europan Kaukasoan dagoen Elbrús (5.642 m); Antartidan Ellsworth mendietan dagoen Vinson (4.892 m); eta Ozeanian Ginea Berriko Maoke mendietan dagoen Puncak Jaya (4.885 m).