MCA-UGTk ez du bat egin Sunsundeguiko komiteak zabaldu zuen oharrarekin

Guaixe 2012ko maiatzaren 24a

Langile baten bidegabeko kaleratzea salatu zuen, besteak beste, astelehenean Sunsundeguiko enpresa batzordeak. MCA-UGT federazioak azaldu du ez duela bat egiten komunikatu horrekin. MCA-UGTtik adierazi dute gaur egun enpresak aurreko zuzendaritzak baino lan gutxiago azpikontratatu dituela. Bestalde, argitu du hornitzaile batek dituen finantza arazo larriei aurre egiteko proposatu duela zuzendaritzak lan bat azpikontratatzea. Plantillari ez diola eraginen azaldu du. MCA-UGTko kideek esan dutenez, autobus modelo berria egiteko ari direla aparteko orduak egiten. "Enpresarendako ezinbestekoa da epeak betetzea". Bestalde, MCA-UGTren iritziz errelebo kontratua duen langile bat ordezkatzeak "ez du justifikatzen ez kontzentraziorik, ez lan uzte partzialik, ez greba mugagaberik". ELAri eta LABi leporatu die "enpresa-industria egitasmoa ezegonkortzea. Enpresak bizi duen egoera larrian, jarrera hori egitasmoarendako arrisku handia da. Sindikatu hau ez da lantegiaren etorkizuna arriskuan jarriko duten maniobra politikoen konplize izanen".