BTT festa igandean

Guaixe 2012ko ekainaren 8a

Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 17. edizioa izanen da igandean. 43 km-ko ibilaldi ederra prestatu dute, eta lehenengoz Hirumuga igoko dute Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak dena prest dauka igandeko 17. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Antolakuntza prest dago 1.000 txirrindulari hartzeko, baina inguru espero dira. Aurrez 565 pertsonek bete dute inskripzioa www.clubciclistaburunda.com web orrian. Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena. Helburua gure eskualdea erakustea da, gure paisaiekin gozatzea eta bizikletarekin disfrutatzea. Gure paisaien edertasuna eta probaren antolakuntza ona da parte hartzaileek gehien estimatzen dutena. Euskal Herritik eta gertuko probintzietatik datoz gehienak. Aurten 43 km eta 950 m-ko desnibelaTxirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. 43 km dituzte aurrez aurre, aldaketekin. Hasieran Sorozarretara joko dute. Segidan Urdalurko urtegitik pasako dira, handik gora Hirumugaraino jotzeko. Altsasuko BTTa lehenengoz sartuko da Arabako lurretara, eta lehenengoz igoko da Hirumugara, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako mugek bat egiten duten tokira, eta bertan hornidura gune garrantzitsuena egonen da. Bertatik Atabarratera joko dute eta handik buelta emango dute, atzera ere urtegiko bidea hartzeko. Urdalurko urtegian edari hornidura egonen da. Bertatik Orobeko harrobietara joko dute, gero Zapardira eta Ameztiako pistatik barna Ameztia auzora. Handik Altsasuko San Juan kalean sartu eta helmugara helduko dira, Altsasuko plazara. Txirrindulariek hurrengo opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako patea, Lacturale esne kaxa bat, Kaiku produktua eta Albeniz-La Vasco Navarra gazta kuña. Antolatzaileek Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu dituzte sakandarrak, "Euskal Herriko egutegian proba inportanteenetarikoa delako, zaharrenetarikoa, eta ibilbidea ederra delako, pribilegiatua" azpimarratu dute. Dena ongi ateratzeko Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sekzioko lauzpabost pertsona aritzen dira lanean urte osoan, eta egunean bertan 120 pertsona inguruk lan egiten dute.Igandean bertan eman daiteke izenaOraindik ere izena eman daiteke, igandean, probaren egunean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean. Federatuek 21 euro pagatu beharko dituzte eta federatu gabekoek 25.