Bihar, larunbata, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean kontzertua eskainiko du Erkudengo Ama abesbatzak, lagunez inguratutaAltsasuko abesbatzak aurten 30. urteurrena du eta hura ospatzeko bigarren emanaldia du biharkoan. Bere ibilbidean lagun izan dituen taldeekin batera ariko da biharkoan eskenatoki gainean Erkudengo Ama. Gainera, lagun talde horri bi kolaboratzaile berri gehituko zaizkio: Emilio Arias, aitzinako musika tresnak jotzen dituen altsasuarra eta Aizpe ahots taldea. Beraz, abesbatzak musika harremanak zabaltzen segitzen du. EgitarauaAgurraren ondoren, Erkudengo Amak musika eskolako abesbatzarekin baterak Gobbo so pare eta Malaika eskainiko ditu. Gaztetxoen tokia eskenatokian Emilio Ariasek hartuko du. Bakarka ariko da lehenik eta, ondoren, Erdi Aroko Más vale trocar kantua eskainiko dio. Aizpe ahots-taldearekin batera, Goizian argi hastian eta El roussignol kantak abestuko ditu Erkundengo Amak. Flores ahizpek osatzen duten Urdalur taldea ere eskenatokian izanen da Herribehera kantatzeko. Lorenzo Ondarrak harmonizatutako doinua da, eta hura izanen dute gogoan, baita Benito Lertxundi ere, Altsasuko emanaldi batean mustu baitzuen kantua. Trasteandoko kideekin abesbatzak Camino del Indio eta Adios a la llanera abestiak emanen ditu. Txistulariekin batera Mendirik mendi eramango gaituzte. Azken partean Enrike Zelaia eta Josetxo Lumbreras igoko dira oholtzara. Haien laguntzaz, Gardelen Volver kantatuko dute abesbatzako emakumeek eta haien doinura dantzatuko dute Sergiok eta Aitziberrek. Ondoren, Isabel Blazquez bakarlariak Amodioa abestuko du. Lorenzo Ondarra atzera ere presente izanen da, oraingoan Ama Birjina Erkundegoa kantuaren bitartez. Akaberan, txistularien eta dantzari txikien laguntzaz, Hator Hator dantzatuko dute. Kontzertua Agur Jaunak abestuz despedituko du Erkudengo Amak.