Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriaren aldeko borondatezko lanean aritu ziren larunbatean 25 altsasuar, bi lantaldetan banatuta. Handiena Beheko bentako zubiko babes hesiei belarra kendu, lixatzen eta margotzen aritu zen. Auzolanean ari zen Maitek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez "herri sarrerari beste itxura bat emateko eta puskatua zegoena mantentzeko". Dagoen egoerarekin, auzolanean gauzak egin daitezkeelako joan zen Joxan larunbatean lanera. Giro polita zegoela nabarmendu zuen, San Juan ermita inguruan hilaren 23rako belarra mozten, txukuntzen ari zela. Han lantalde txikiagoa zegoen lanean. ZergatiezMaitek gustura aritu zela azaldu zuen Beleixe Irratian (FM 107,3). "Herrian gauzak egiteko beharra ikusten dudalako eta laguntza eskaintzeko" izena eman zuen auzolanean Maitek. Handik gertu zegoen Jokin, zubiak urteetan pilatutako zolda kentzen. "Esperietzia polita eta berria" izan zela adierazi zuen Jokinek Sakanako irrati euskaldunean. "Herria egiten" aritzeko gogoz zegoelako izena eman zuen gazte altsasuarrak. Susana ere "oso gustura" aritu zen auzolanean. "Bakoitzak bere etxea dauka, edo eduki beharko luke. Eta herria denon etxea da. Denon artean zaindu eta edertzen badugu guztiondako onuragarria izanen da. Ez gara bakarrik bizi eta denen arteko lana oso onuragarria da". Auzolanean parte hartzeko gonbitea luzatu zieten Maitek eta Jokinek altsasuarrei "gustura pasa dugu goiza, jende ezberdinarekin elkartu gara eta hitz egin dugu". Susanak zera gehitu zuen "altsasuarrek haien etxea eta etxekoak mimatzen dituzten bezala ea haien herria ere mimatzen hasten diren". Sortuko dira besteakJuan Carlos Orellana, parte hartze zinegotzia, larunbatean ere auzolanean izan zen. Duela hilabete inguruko parte hartzeari buruzko jardunaldiez galdetuta Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu du auzolanari buruzko eztabaida saio batetik atera zirela larunbateko egitekoak. Jardunaldi haietan hiru tailer izan ziren: parte hartzea, udalarekin komunikazioa eta auzolana. Auzolanak larunbatean eman zuen aurreneko pausua. Orellanak azaldu duenez, eztabaidetan auzolanez aritu zirenean ondorioztatu zuten "motore nahiko independentea" izan behar zuela. "Hau da, auzolanean beste lan bat egiteko proposamena auzolanean bertan egin behar da, parte hartzen. Udaletxea mugimendu honen zain egon behar du". Jardunaldietan parte hartzeari buruz eztabaidatu zuten. Orelanak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, "garbi dago egungo egitura ez da parte-hartzailea, delegazioan dago oinarrituta. Jaso ziren ekarpen guztiak landu eta proposamen bat egiteko talde bat sortu da eta horretan ari da". Beste esperientzia batzuk ezagututa, parte hartzea sustatu eta ezartzeko prozesua "luzea" izanen dela azpimarratu zuen Orellanak. Bide horretan pausuak ematen ari direla nabarmendu zuen: "parte hartze batzordea sortu genuen, agerraldi publikoak egiten ari gara, auzolana... Pixkanaka ari gara".