Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Venancio Amillanoren lantokian sortu da eskultura hori, bere eskutatik sortu diren beste asko bezala. Ez baita alferrik jardun 14 urteetatik zurarekin lanean. Urtero maiatzeko Gurutzean artisau azoka egiten delako eta Altsasun artisau asko izan direlako, artisautza islatuko duen eskultura bat egitea bururatu zitzaion Amillanori. Eskulturak artisau bat bere lan tresnekin irudikatu du. Horretarako hainbat estilo erabili ditu Amillanok. 82 cm luze ditu eta kolore gorrizta. Eskulturari oinarri lauki luze batek eusten dio. Haren 3 aldetan ageri diren irudi figuratiboak sormenaren irudikapena dira. "Artisauek euren lanerako behar dutena", zehaztu digu Amillanok. Metro luzeko oinarria kolore ilunago batez tindatu du egileak, bi piezak ederki bereiziz. Biak ere alzifre (cipres) zuraz eginak daude. 2010eko martxoaren 2an Baratzeko bide plazan moztutako zuhaitzetatik ateratako zura erabili du Amillanok. Enborrak jaso zituenean eskultura handiak egiteko asmoa zuen. Ezinezkoa izan zaio, ordea, zuhaitzak barrutik ustelduta zeudelako eta "ahal nuena aprobetxatu dut". Egileak esan digunez, "eskultura ezin da kalean jarri. Leku itxi batean egon beharko luke, Iortian egon liteke".