Bihar, larunbata, 20:30ean, Iortia kultur gunean Trasteandok Altsasuko herri kantak, I. antologia diskoa aurkeztuko duAltsasuko musika ondarea berreskuratzeko ikerketa eta musika-etnografia lana egin dute Trasteandoko kideek. Lan horren fruitua bihar aurkeztuko dute kontzertuan, eta ondoren diskoan jasota eskuratzeko aukera izanen da. Cruz Mari Martinezek esan digunez, jaso dituzten kanta gehienak "aurreko mendeko 30eko eta 80ko hamarkada artekoak dira. Parranda edo bazkaldu-afaldu ondoren abesten diren kantuak dira". Martinezek azaldu digunez, disko berri horrekin Trasteandok "gure ahozko ondarea berreskuratu eta mantendu" nahi izan du. "Kantu horietako batzuk oraindik ere kantatzen badira, beste batzuk adinduek dakizkite bakarrik. Abesti horiek betiko gordetzeko modua da diskoa". Martinezek azaldu digunez, garaiagatik kantu gehienak gaztelaniaz dira, euskarazko hitz gutxi batzuekin. DiskoazEuskarri duin batean gorde nahi izan dute ondare hori. Hala, Jose Maria Augustok harmonizazioan eta akordeoiarekin lagundu zien. Madrilen bizi den musikari altsasuarrak iazko udan herrian egin zuten egonaldia baliatu zuten Jon Cordonek Irurtzunen duen estudioan grabazioa egiteko. Harekin batera, Iñigo Goikoetxea, Jesus Irisarri eta Josetxo Lumbreras musikarien laguntza izan dute Trasteandokoek. Haiek ahotsak eta gitarrak jarri dituzte grabazioan. Diskoak duen liburuxka "erabilgarria izatea nahi genuen eta kantutegi baten antzekoa da. Kantu guztien letrak eta haiei buruzko azalpena dago", azaldu digu Martinezek. Liburuxka Elena Verak diseinatu du eta azala Dora Salazarren irudi bat da. Diskoa larunbatean jarriko dute salgai 7 eurotan. Altsasun hainbat tokitan ere eskuratu ahal izanen da. Musikariak esan digu ikerketak kantu gehiago azalarazi dituela eta noizbait, agian, bigarren antologia bat egon litekeela. Altsasuko musikari eskainitako aurreneko diskoa dela ere nabarmendu du. Trasteandok orain arte elkartasun kontzertuetan abestutako doinuekin Acción contra el hambre erakundearen aldeko 3 disko argitaratu ditu. Omenaldia Biharko emanaldian Trasteandok Luis Mari Lopez omenduko du. Atsedenaldian Lopezek Altsasuren alde egindako lan handia aitortuko dute. "Ihote, fale-joleak, kintoak eta dantzariekin aritu da lan isila egiten". Enrike Zelaiak bat egin du omenaldiarekin eta bi pieza joko ditu. Bilketan lagundu dutenak: Vicente Zufiaurre, Angel Iriarte "Potaje", Agueda Percaz, Jose Bergera, Juanita Larrea, Ignacio Zelaia, Javier Ignacio Elizalde, Juan Gonzalez, Jesus Aldasoro, Modesta Garasa, Ricardo Aldasoro eta Saturnina Delfrade.