Altsasuar olinpikoa

Guaixe 2012ko ekainaren 25a

Hodei Mazkiaran Joko Olinpikoetan ariko den lehen altsasuarra izanen da eta horregatik Altsasuko Udalaren omenaldia jaso zuen23 urte ditu Hodei Mazkiaran Uria altsasuarrak eta Londongo Joko Olinpikoetan ariko da, pista txirrindularitzan. Joko Olinpikoetan ariko den lehen altsasuarra eta sakandarra izanagatik Altsasuko Udalak omenaldia egin zion San Juan bezperan pistard altsasuarrari. Familia eta lagunak gertu, altsasuarra pozik azaldu zen omenaldi xumearekin. "Sekulako ilusioa egin dit. Oso gogor egin dut lan, azken 2 urte hauetan bereziki, eta oso polita da zure herrian egin duzun lan hori aitortu dezatela" azaldu zuen Hodeik. Fisiko ikusgarria du gazteak, 1,95 metroko altuera. Mutil jatorra, esker oneko hitzak besterik ez zituen larunbatean egindako harreran. Altsasuko Udalak egindako harreran, Ruben Imaz kirol zinegotziak Mazkiaranen ibilbidea goraipatu zuen eta herriko txirrindula eskolan hasi zela nabarmendu zuen, egungo gurasoei euren seme-alabak herriko kirol eskoletan izena ematea gomendatuz. Kirolariarendako hitz onen ondoren, senitarteko, lagun, Udal ordezkari eta txistulariek talde argazkia atera zuten udaletxe atean. Altsasuko zortzikoa ere eskaini zioten. Ibilbidea9 urterekin hasi zen Burunda Txirrindularitza klubean. 17 urterekin pista txirrindularitzan hasi zen eta Nafarroako taldean aritu eta gero, 2008an Cepsa-Euskadi taldera jo zuen, eta ordutik Euskadiko selekzioan dabil. 23 urterekin palmares bikaina du altsasuarrak. Espainiako 15 txapelketa irabazi ditu, kadete mailatik hasita eliteraino. Horretaz gain, 2008ko Danimarkako Munduko Kopan zilarrezko domina jaso zuen, 2006an Manchesterren keirinean brontzezko domina eta 2006ko Europako Kopan abiadurako txapelduna eta kilometroko probako hirugarrena izan zen. 2008an Pekingo Joko Olinpikoetako atetan geratu zen. 2009an sorbaldan lesioa izan zuen eta urte gogorra izan zen altsasuarrarendako, txapelketetatik at egon baitzen. Baina gutxinaka gutxinaka lanean hasi zen Hodei eta egun sasoi betean dago, %100ean. Aurten Melbournetako Mundialetan sekulako lana egin zuen - bere plusmarka 200 metro eta 2 dezimetara jaitsi zuen - eta horri esker Londongo Olinpiadetarako txartela lortu zuen. Ilusioz betetaHodei Mazkiaran abuztuaren 7an lehiatuko da Joko Olinpikoetan. Oraindik ez daki zertan, baina keirinean izango dela uste du. Badaki dominak oso garesti daudela eta oso konplikatua izango dela aurrean egotea, baina ahal duena eta gehiago emango du altsasuarrak. "Zaila izango da baina ez ezinezkoa. Dena ematera noa" dio. Ea hala den.