Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estimu handia diote altsasuarreko gaurko ospakizunari eta urruti bizi direnek ere etortzeko ahalegina eginen dute, San Pedro zelaian egoteko. Ospakizuna 10:00etan hasiko da udalbatzak, txistulariak lagun, ermitarako bidea hartzean. Agintariak iristerako makina batek mahaiak prest izanen dituzte eta mokadu bat jan eta udal banatutako ardoaz lagunduko dute. 11:00etan fededunak mezara joanen dira eta sukaldariak lanean hasiko dira. Elizkizunaren ondoren, zelaiko plazak aurreneko zortzikoa hartuko du. Bazkaldu eta puruak banatu ondoren dantza saio berri bat izanen da. Iluntzean herrira jaitsiko dira altsasuarrak, festarekin segitzeko. Kioskoan dantzarako doinuak Imuntzo eta Belokik jarriko dute, 21:00etatik 23:00etara eta 00:00etatik 3:00etara.