McKinley zapatuta

Guaixe 2012ko ekainaren 28a

Horrela itzuli zen larunbatean Iker Bueno Lopetegi mendizale altsasuarra Alaskatik, Ipar Amerikako mendi altuenaren (McKinley, 6.194 m) tontorra zapatuta. Horrela, altsasuarrak beste aurrerapausu bat eman du munduko zazpi kontinenteetako mendirik altuenak -seven submit edo zazpi gailurrak deritzanak- bakarrik eta estilo alpinoan igotzeko duen egitasmoan. Afrikako Kilimanjaro (5.895 m), Hego Amerikako Aconcagua (6.962) eta Ipar Amerikako McKinley (6.194 m). Pozik dago Iker Bueno McKinleyko espedizioarekin. "Oso polita izan da. Orain arte glaziarretan ez zait tokatu, eta hotz izugarria egiten zuen. Maximak 0 azpitik 11koak eta minimoak 38 ingurukoak" dio. Abisatuta zegoen hango klima bereziarekin. Bering itsasoko hezetasunagatik, Groenlandiako haiza bolada indartsuengatik, eta hotzarengatik sekulako ekaitzak egiten omen ditu. Bat-batean hasten direnak. "Eguraldi iragarpenak soilik egun t´erdi edo bi egunetako fidagarritasuna dute. Sekulako egun polita atera eta berehala ekaitza, haizetea eta elurra has daitezke" azaldu digu. Horri guztiari Iker bakarrik doala gehitu behar zaio. Berak eraman behar duela material eta pisu guztia, eta berak hartu behar dituela erabaki guztiak. "Hori da, alde askorekin, gogorrena". Alaskako Anchoragera hegazkinean heldu, Talkeetnan mendi arduradunarekin bildu eta azkeneko baimena lortu eta gero - espedizioa egiteko 26 eguneko baimena - abioneta batek maiatzaren 26an Kahiltna galaziarrean utzi zuen altsasuarra, 2.100 m ingurutan - , eta hor hasi zen bere abentura. Kanpo basera joan eta han beste espedizio batzuekin egin zuen topo. 4. kanpora edo Medical Camp-era (4.200 m) ekainaren 2an heldu zen. McKinley igotzeko bide klasikoa 5. kanpamendura igo eta West Buttress bidetik tontorra egitea da. Baina Ikerren asmoa 5. kanpamendua muntatu gabe, 4. kanpamendutik zuzenean gailurra saiakera egitea zen, Upper West Rib korridore izugarritik (60 eta 70 graduko malda ikusgarriekin), atzera ere 4. kanpamendura joateko. Eta bide klasikotik ere beste saiakera bat egin nahi zuen. 300 metroren faltan buelta hartuEguraldi iragarpenak hurrengo egunetarako txarrak iragartzen zituenez, West Buttress bidetik egun batean igoera eta jaitsiera egitea planteatu zuen Ikerrek, tarte nahiko justua. "Izugarri kostatu zitzaidan 1.600 metroko Upper West Rib horma izugarria igotzea; 20 ordutan gainditzea espero nuen eta azkenean 27 izan ziren. Hor bide klasikotik datorren bidearekin elkartzen zara eta 300 metro eskasera dago gailurra. Baina bat-batean sekulako haize boladak hasi ziren eta elurrarekin galdu nintzen. Oso gaizki pasatu nuen, galduta, eta azkenean buelta hartu behar izan nuen" dio Ikerrek. Ekainaren 12an tontorreraEkainaren 14an bide tradizionalari ekin zion. 4. kanpamentutik goraino igo eta jaisten saiatu zen, West Buttressetik. Baina Denali Pass-en geratu eta atzera jo behar izan zuen, lainoa sartu eta sekulako haizetea hasi zelako, belauniko ibili behar izateraino. Hurrengo egunean erabaki zuen kanping denda hartu eta 5. kanpamentura joatea, han lo egin eta Denali Pass eremu erabakiorra nola zegoen ikusteko. Lo egin eta hurrengo egunean, ekainaren 163an, tontorra zapatu zuen. "Sekulako poztasuna hartu nuen, metereologiaren kontuarengatik gehien kostatu zaidan mendia izan delako. Gainera, kriston eguzkia tokatu zitzaidan. Egun horretan 11 pertsona inguruk egin genuen tontorra" dio Ikerrek. Mendiaren alde tragikoa ezagutu du altsasuarrak. "Bakarrik joatean, glaziarretan pitzaduren kiniela bat da. Eta aurten elur-jausi asko izan dira. Mendizale batzuk harrapatuta gelditu ziren eta bizirik atera genituen. Eta nik tontorra egin nuen egunean 3. eta 4. kanpamentuen arteko Motorhill tokian elur-jausi batek japoniar batzuk harrapatu zituen eta horiek ez ziren atera. Horrek beldur pixka bat ematen dizu, bereziki jaisterako orduan. Oso urduri egon nintzen eremu horretako jaitsieran. Windy Cornerren egin nuen lo toki hori egunez pasatu nahi nuelako, hormak nola zeuden ikusteko" azaldu digu Ikerrek. Esperientziaren balorazio positiboa egin du mendizaleak. "Nire mendia ikusteko modua berdina da, baina ikasi dut egoera txar bat pasatzea tokatzen zaizunean erabaki gogor horiek bakarrik nola hartu". Hurrengo egitasmoa ez du zehaztu, baina irailean mendira itzuli nahiko luke.