Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko udal kirol azpiegituren kudeaketaz arduratzen da Atabo Altsasu SL sozietate publikoa. Bere Administrazio Kontseiluak berriki enpresak bere jardunean hizkuntza ofizialak nola erabili zehaztu du, 10 puntutan aletzen direnak. Komunikazioari dagokionez, Ataboko langileek beti aurreneko hitza euskaraz eginen dute eta gero solaskideak aukeratzen duen hizkuntzan segituko dute. Ataboko zein langilek dakien euskara behar bezala adieraziko da. Ahozko mezuak hartzaile jakinik ez duenean, ele bitan eginen dira komunikazioak. Idatzizko komunikazioei dagokionez, ele bitan izanen dira. Hartzaileak euskara hutsean jaso nahi duela badio, hala eginen da. Horregatik, eskaera hori eginen duten pertsonen errolda osatuko da. Gaztelaniaz jasotako idatziei ele bitan erantzunen diete Atabotik. Harreman telematikoak herritarrak erabakitzen duen hizkuntzan eginen dira. Enpresa publikoak bi hizkuntzak erabiltzen direnean euskara nabarmentzeko joera hartuko du. IkastaroakAdinaren arabera ezberdinduko ditu Atabok hizkuntza eskakizunak. 16 urte bitarteko ikastaro guztiak euskaraz eskainiko dira. 16 urtetik gorakoendako ikastaroetan, berriz, %10 gutxienez euskara hutsean emanen dira. Gainontzeko ikastaroetan taldea osatzen duten pertsonen euskararen ezagutzaren arabera erabiliko da hizkuntza. Horretarako izen emate orrietan hizkuntza ezagutzari buruzko atala izanen da. Horrela, hizkuntzaren aldetik 3 ikastaro mota izanen dira: euskara hutsean direnak; euskara nagusi dena baina azalpenak pertsonalki gaztelaniaz ematen direnak eta gaztelaniaz direnak baina euskarari sarbidea eginen zaienak. Bestelako irizpideen artean ere daude: kontseiluko burua euskalduna izatea; hizkuntza paisaian euskara zaintzea; araudi, errotulazio eta argitalpenak elebidunak izatea; publizitate elebiduna, salbu euskal hedabideetan euskara hutsean izanen dena; langileen postuen hizkuntza eskakizunak zehaztea edota ekitaldi publikoetan euskararen erabilera bermatzea.