Haurrak, udan euskaraz

Guaixe 2012ko uztailaren 5a

Astelehenean jarri zen martxan Altsasuko Udalaren programa. 3 eta 12 urte arteko 262 haur eta gaztetxo daude izena emanda. Adinaren araberako taldetan bildu eta 23 begiraleren ardurapean hilaren 30era arte hainbat jarduera eginen dituzte. Astegunetan 10:00etatik 13:00etara garatzen da programa. Txikienen erritmoa ezberdina delako, 3 urteko haurrek Kangu udal ludotekan dute hitzordua, gainontzekoek Zelandi eskola publikoan. Programako arduradun Joxepi Markinezek azaldu digunez, adinaren araberako programazioak lantzen dituzte. Une jakinetan izan ezik ez dira guztiak biltzen, esaterako: txupinazorakoan eta azken festan. "Hala ere, 5-6 adinetako taldeak ere bildu daitezke, garatuko den ekintzaren arabera", zehaztu du Markinezek. Aurtengo berritasuna da Udan Euskaraz programako parte-hartzaile helduenak olaztiarrekin elkartrukea eginen dutela. Bateko eta bestekoak bizikletan mugituko dira. Zergatia18 urte inguru ditu Altsasuko Udan Euskaraz programak. Markinezek azaldu digunez bi helburu ditu. Batetik, inguru seguru batean ongi pasatzea eta, bestetik, egiten diren ekintzak euskaraz burutzea eta euskararen erabilera bulkatzea. Altsasun gaztelaniarako joera dagoela eta begiraleek haurrekin lan handia egin behar izaten dutela azaldu du Markinezek. "Bakoitzak estrategia bat erabakitzen du. Handienek dute joera gehien. Baina aurrerapausoak ematen dira eta giroa euskalduna da". Bestalde, Altsasuko Udalak ezgaituei eskainitako eskaintza ere egin du. 12 izen emate izan dira. Arratsaldeetan haiekin 6 begirale aritzen dira.