Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herenegun jakin zuen enpresa batzordeak (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) proposamena. Atzo idatziz jaso zuten eta aztertzen ari dira. Bileran enpresa batzordeko kideak, Nafarroako Gobernuko Enpresa eta Berrikuntza zuzendari Jorge San Migel, Sodenako kudeatzaile Carlos Fernandez Valdivieso, Nafarroako Enpresa Publikoen Koorporazioko Giza Baliabideen zuzendari Elisa Asiain eta Sunsundeguiko kudeatzaile Jose Ignacio Murillo izan ziren. Sunsundeguik aurrera egiteko berregituraketa berria egin behar dela azaldu zieten langileen ordezkariei. Enpresa batzordeari azaldu ziotenez zeharka sortutako 20 lanpostu tekniko kaleratzea proposatu zuten. Sakanako UGTko David Medinak zehaztu duenez, kaleratzeak edo lanpostu aldaketak izan daitezke. Zuzendaritzatik azaldu zutenez, zeharkako lanpostuen kopurua gehiegizkoa da. Medinak azaldu digunez, "Sunsundegui bideragarria egiteko likidezia behar du abuzturako eta enpresak dirua eskatu du. Baina Sunsundegui bere kabuz bideragarri izatea nahi dute, Nafarroako Gobernuaren diruaren menpe egon gabe. Horregatik, langileei esfortzua eskatu diete". Materialen kostuak eta produktibitatea ere jasotzen dira zuzendaritzaren proposamenean. UGTn dokumentazioa aztertzen ari dira. Baina Medinak ez du inolaz ere lantegiaren itxieraz ezer entzun nahi. "Nafarroako Gobernuak aukera hori baztertzea nahi dugu, baina Sunsundegui akaberara arte lagundu dezala nahi dugu". Industria inbertitzaile bat sartzea babestuko luketela aurreratu du, baina ez arrisku kapital konpainia bat. ELAko Iñigo Garnikak esan digunez, proposatu dieten soldata murrizketa %25 ingurukoa da. Espezialista batek esaterako 6.000 euro galduko lituzkeela aipatu digu. Garnikak zehaztu digunez, enpresak 1,2 milioi euro behar ditu. Sunsundegui gaizki dagoela eta zorrak sortzen dituela esan zietela aipatu digu ELAko kideak. Baina Garnika kexu azaldu da: "enpresak zorra egiten segitzen badu eta Sodenak ez badu dirua ematen... Etorkizunerako bermerik ez digute ematen". LABeko Oskar Telletxeak azaroan UGTk eta ELAk akordioa sinatu zutela gogora ekarri du. "Duela 7 hilabete 3 urterako akordioa sinatu zuen eta orain ez du balio. Orduan itxieraren mehatxua erabili zuten akordioa inposatzeko". Telletxeak berriz xantaia egiten zaiela azaldu du: "dirua etortzeko proposamena onartu behar da. Zein kalkulu mota egiten dira? Bi hilabete barru zerekin etorriko dira?". LABeko kideak etorkizunerako enpresa plan serio bat eskatu du, bestela bermerik ez dagoela argudiatuta. Sunsundeguik dituen egiturazko arazoei egiturazko konponbideak ematea ere aldarrikatu du. Aldi berean, Telletxeak kritikatu egin du proposamenak betikoak kaltetzen dituela.