III. Bateragarritasun Ituna sinatu da

Guaixe 2012ko uztailaren 10a

Apirilaren 18an sinatu zuten 10 eragilek Altsasuko III. Bateragarritasun Ituna. Guztiek ere Altsasun gizon-emakumeek eskubide eta betebehar berdinak izan ditzaten lan eginen dute, eta bateragarritasuna lortzeko bidean, herritarrek beharrezko zerbitzuak izan ditzaten. Azken finean, etxeko eta familia alorretako lanen eta arduren arloan pentsaera aldaketa da bilatzen dena.Aurtengo plangintza, bateragarritasunaren mezua zabaltzeko merkataritza arloan lanketa bat egin nahi da. Bestetik, bateragarritasuna errazten duten neurri eta diru-laguntzen berri zabaltzen segituko dute, horiek ere lantegietara eramatea landuko dute. Sentsibilizazio kanpainak eginen dira (hitzaldi, tailer, elkarbizitza onerako hitzarmena, trebetasun ikastaroak, bizi-iraupen ikastaroak). Zerbitzuei dagokienez, opor garaietako aisialdi programez eta eskola jantokietarako diru-laguntzez gain, bi proposamen daude mahai gainean: gurasoek asteburuetan ludoteka zabaltzea eta Txirinbulo haur eskolaren ordutegia zabaltzea gurasoen lanaldi erdietara egokitzeko. Bestetik, bi aholku ere jaso dira; udalari estalitako espazio bat eskatzea eta udal liburutegian txikienendako txokoa ixtea, ikasleei enbarazu ez egiteko. SinatzaileakAltsasu Udala, Sagrado Corazóneko, Txirinbuloko eta Zelandiko guraso elkarteak, Iñigo Aritzako junta, Sakanako Ezgaituen Elkartea, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Atenea elkartea eta UGT.Aurreko plana 2008-2011 emakumeen eta gizonen aukera berdintasun plana despeditu da eta Erkuden Azanza Altsasuko berdintasun agenteak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, aurtengorako plangintza prestatu dute. "Udal berria egokitu bitartean, urte bukaeran epe ertaineko plan bat egiten hasiko da". Aurreko berdintasun planaren galdetuta Azanzak Beleixe Irratian (FM 107,3) nabarmendu zuen, "beste udalenarekin alderatuta ezberdina da: Altsasukoa zeharkakoa da eta udal guztia hartzen du, ez da udaleko sailez sail egin. Bost ildo estrategikorekin eremu guztietara iristen saiatu gara". Aipatutako ildoak hauek dira: administrazioan zeharkakotasuna sartzea, udalean eta ondoko zerbitzuak, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sartzea (ordenantzetan, legedian, agiriak, egunerokoan...); emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea eta errotik ezabatzea; emakumeak lan munduan erabat txertatzea eta arlo horietan garatzea; kultura, ezagutza eta informazioa era ez sexistan eraikitzea eta, azkenik, emakumeen erabateko herritartasuna (erabakietan parte hartzea eta baliabideez gozatzea).EbaluatzaileakPlanaren ebaluazioa pasa den urteko azken 5 hilabeteetan egin zuten. Teknikari bat eta 3 lantalde izan ziren horretan aritu zirenak: emakume helduak, gizarte eragileak, udaleko administrariak, emakumeen batzordeko; gizonen eta emakume gazteen taldea ez zen sortu. Azanzak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, "egin diren ekintzen %62 bete da. Guztiz egin ez direnak neurri batean bete dira, %16. Planaren %24tan ekintzak egin gabe gelditu dira."  Agenteak nabarmendu du asko egin dela, planak helburu ugari zituelako markatuta. Baina krisiaren eraginez lan arloan atzera pausuak egon zirela ere onartu zuen. Ebaluazioa egiterakoan jabetu dira "konpromiso politiko handiagoa" behar dela. Azanzak esan duenez, "konpromiso hori badago, baina gehiago behar da. 1992tik Emakumearen Bilgunean lanean ari da, baina gehiago behar da. Ez da langile bakoitzaren esku. Denek egin behar dugu gizon-emakumeen aukera berdintasunaren alde". Ebaluazioan udal teknikari askok konpromiso pertsonal handia dutela nabarmendu da. Horretaz gain, planaren eta bere jarduerekin altsasuarrengana ez iristea hobetu beharrekotzat ikusi da. "Ekintza gehienak Emakumearen Bilgunetik atera dira, baina gizarte eragileekin koordinazio gehiago izanda ekimenak ez lirateke elkar zapalduko edo errepikatuko, eta ahaleginei errendimendu handiagoa aterako litzaieke".