Sakanako Igeriketa Txapelketa prest

Guaixe 2012ko uztailaren 12a

Sakanako igerilariek udako zita inportanteena dute asteazkenean, hilak 18, Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan: Sakanako Igeriketa Txapelketa. Txapelketa Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, Altsasuko Udalarekin eta Dantzaleku igerilekuak kudeatzen dituen Atabo enpresarekin batera. Igerilariak 16:00etan hasiko dira lanean. Hiru kategoriatan jokatuko da txapelketa: kimuak (2000-2003 urteen artean jaiotakoak), haurrak (2000-2001 urteetan jaiotakoak), eta kadeteak-jubenilak (1995 eta 1999 urteen artean jaiotakoak). Kategoria guztietan ohiko igeriketa probak eginen dituzte: crol estiloan, bular estiloan, bizkar estiloan, tximeleta estiloan, erreleboetan eta beste.  Antolatzaileek Sakanako Igeriketa Txapelketan parte hartzeko deia egin dute. Horretaz gain, proba jarraitzeko gonbita egin dute. Izan ere, txapelketa ikustera joatera arratsalde pasa polita egiteko primerako aukera da.  Izena ematekoNormalean herrietako igeriketa eskolek egiten dituzte izena emateak. Bestela, Sakanako Igeriketa Txapelketan parte hartu nahi dutenek uztailaren 16a baino lehen eman behar dute izena, e-postaz, kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoan. Igerilariek autobus zerbitzua izanen dute.