Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Despeditu berri den ikasturtea aurrenekoa izan da Altsasuko Udaleko eskolak musika eta dantza ikasketak eman dituena, eta zuzendaritza batzordeak balorazio ona egin du. Ohiko klaseez gain, eskolak 25 jarduera baino gehiago antolatu ditu, batzuk hezkuntza komunitatera zuzenduta eta besteak, plan pedagogikoan jasoa dagoen moduan, Altsasuko herrira eskainiak. Ildo horretan sakondu nahi du udalak eta, dagoeneko, eskolako patronatuaren eta udaleko hainbat sailen arteko koordinazio bilerak egin dira. HelburuakEtorkizunerako bi helburu ditu zehaztuta Altsasuko Musika eta Dantza eskolak. Batetik, irakasleen egoera erregularizatzea. Abian dauden gitarra elektriko eta konbo eta saxofoi irakasleen kontratatziorako probak eginen dira heldu den ikasturtean. Bi irakasle horiek 2013-2014 ikasturtean hasiko lirateke lanean. Bestetik, Burundako beste 5 herrietako ikasleak ari dira Altsasuko Musika eta Dantza eskolan. Horregatik, Altsasuko Udala Burundako udalekin harremanetan jarri da. Altsasun eta Olatzagutian ematen den zerbitzua jasangarria egiteko helburuz Burunda hartuko lukeen hitzarmen bat landu nahi luke Altsasuko Udalak: 6 udalek diru-ekarpenak eta kudeaketa organoetan erabaki ahalmena izanen lukete eta, bide batez, sei herrietako ikasleendako tarifa berak lortuko lirateke. 271Ikasle izan ditu eskolak bere ikasgai guztietan. Heldu den ikasturterako musikan ikasle kopuru bera izanen da. Dantza ikasleak irailaren 3tik 7ra eman beharko dute izena. Klaseak irailaren 18an hasi eta garagarrilaren 7an despedituko dira. Aurreko ikasturteko tarifak mantenduko dira. IkasgaiakMusika-hizkuntza, gitarra, biolina, saxofoia, baxu elektrikoa, zeharkako txirula, klarinetea, akordeoia-trikitixa, txistu-alboka,gaita, eskolania, metalezko airea, pianoa, bateria, instrumentu taldea eta dantza.