Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako metalgintzako lan hitzarmena eta zeharka sortutako 20 lanpostu tekniko kaleratzea proposatu die Sunsundeguiren zuzendaritzak enpresa batzordeari (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1). Garila despeditu aurretik lortu nahi du akordioa enpresak. Atzo egindako bileran zuzendaritzak bere eskaintza pixka bat mugitu zuen eta metalgintzako lan hitzarmeneko soldataren gainetik %10-12 gehiago eskaini zuen. Baina kaleratzeak mantentzen zituen. Enpresa batzordeko ordezkariek bat etorri ziren lantegiarendako etorkizunerako bermeak eta etorkizunerako plan bat eskatzerakoan. ELAko Iñigo Garnikak esan digunez, "duela 9 hilabeteko akordioan nahikoa jaitsiera izan genuen". Soldaten jaitsiera ematen bada etorkizunean berreskuratzeko aukera izatea nahi du ELAk. Bestalde, Garnikak zehaztu digu zuzendaritzaren proposamena: "egiten diren kaleratzeen arabera handiagoa edo txikiagoa izanen litzateke Nafarroako metalgintzako lan hitzarmeneko soldataren gaineko ehunekoa". Garnikak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak urte bukaera bitartean 1,2 milioi euro emateko behar da akordioa. Eta ilbeltzean zer gertatuko da?" galdetu du. Mahai gainean itxiera mehatxua jartzen dutela ere aipatu du. LABeko Oskar Telletxeak "berme errealak" eskatu ditu eta ziurtatu duenez "Nafarroako Gobernuaren konpromisorik ez dago". Telletxeak salatu du zuzendaritzak "epe motzean jokatzen duela. Plan serio bat nahi dugu". Halako baten aurrean edozer aztertzeko prest leudekela aurreratu du. Telletxeak gogora ekarri du aurreko akordioarekin langileek dagoeneko eskubideak galdu zituztela. UGTren proposamenaSindikatuaren metalgintzako federazioa (MCA) eta lantegiko UGTk atzokoan proposatu zuten SODENA 3 urtez Sunsundeguiren jabe izaten segitzea. "Bazkide inbertsiogile bat sartzeko bidea erraztuko luke" argudiatu dute sindikatutik. Aldi berean, UGTk proposatzen du sartzen den inbertsiogileari honako bermeak eskatu dizkio: ekoizpen zentroa eta diseinu zentroaren jarraipena eta 10 urtez plantilla finkoa estabilitatea mantentzea. UGTk Sunsundeguirako "marko egonkor bat" aldarrikatu du. Orain akordioa itxiko balitz, etorkizunean soldatak aldeen arteko akordioaren bidez berraztertzea proposatu du. Akordioa onartuko balitz bi urtetan soldatak ez ikutzea ere proposatu du UGTk, "izan ere, lan erreformarekin enpresak berak bakarrik egokitu ditzake". UGTk langileen soldatak %2 txikitzea proposatu du. Eta langileak kaleratu beharrean aldi baterako langileen lanpostuetan birkokatzea ere proposatu du. BilerakZuzendaritza eta enpresa batzordea bihar bilduko dira atzera ere. Gaur goizean, berriz, ELAko eta LABeko Altsasuko Udaleko taldeetako ordezkariekin eta Sakanako Mankomunitatekoekin bildu dira.